GAUR8

Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzea helburu duen XVII. Tene Mujika beka sortu dute

Euskal Herriko historia hurbila zabaltzea ardatz duen Tene Mujika bekaren edizio berri bat jarri dute abian. Abenduaren 11ra arte jasoko dira lanak, eta irabazlea urtarrilaren amaiera baino lehen emango da ezagutzera.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak bultzatzen dute Tene Mujika beka.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak bultzatzen dute Tene Mujika beka. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Gure herriaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak» saritzen dituen Tene Mujika bekaren edizio berri bat jarri dute abian.

Sei mila euroko diru laguntza eskaintzen du deialdiak jatorrizko eta euskaraz sortutako lanentzat. Estiloaren aldtik, biografia, kronika, erreportaje, saiakera edo elkarrizketa formatua izan dezakete lanek, besteak beste, baina aurrez argitaratu eta saritu gabeak izan behar direla azpimarratzen dute baldintzetan.

Nabarmendu dutenez, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: «testuaren kalitatea eta gaiaren interesa». Era berean, bekan ez da fikziorik onartzen «baina bai materiaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu».

Zehaztu dute, bestalde, dibulgazio-lanak bezala egindako ikerketak onartzen direla, «baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak».

Proiektuak abenduaren 11ra arte bidal daitezke artxiboa@deba.eus helbide elektronikora. Dokumentazio horretan, idazlearen curriculum laburra (orri batekoa) eta argitara emandako lanak aipatu behar dira.

Idatzi nahi den lanaren azalpena aurkeztu behar da (3-6 orrialde) ezaugarriak zehaztuz: «gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…».

Diru-kopuruaren erdia, irabazlea izendatzean

Lanaren lagina edo erakusgarria ere atxikitu behar da, 15 eta 20 orrialde bitartekoa izan behar dena. Zehaztu dute, halaber, irabazlea izendatu bezain laster bekako diru-kopuruaren erdia jasoko duela. Gainontzekoa idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Urtebeteko epea izango da hori, hori izango baita lana amaituta aurkezteko epea.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak bultzatzen dute ekimena, eta aurreratu dutenez, Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatuko dute epaimahaia. 2023ko urtarrilaren amaiera baino lehen izendatuko dute azken edizio honen irabazlea.