GAUR8

«Euskara azentuekin», urrunetik etorrita euskara ikasi dutenen bizipenak UPV/EHUn

«Euskara azentuekin» ekitaldia ospatuko dute UPV/EHUko Leioako Campusean, abenduaren 1ean, ostegunez, euskara etxetik ekarri gabe munduko leku ezberdinetatik etorri eta euskaldundu diren lagunen bizipenak biltzeko. Mahai inguruan eta bertsotan arituko dira gonbidatuak.

Manu Bendala bertsolaria, artxiboko irudian.
Manu Bendala bertsolaria, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskararen Astea eta Euskaraldiaren ospakizunen testuinguruan, Euskal Herrira urrunetik heldu eta euskara ikasi duten lagunak protagonista izango dituen ekitaldia prestatu du UPV/EHUk.

«Euskara azentuekin» deitu diote Mikel Laboa plazan izango den ekitaldiari eta hainbat gonbidaturen arteko solasaldia eta bertsolarien parte hartzea izango du.

«Ekitaldi berezia izango da inondik ere, mahai inguruan eta bertsotan arituko diren partaide guztiek euskaraz egiten baitute, baina munduaren punta batekoa da bakoitza», azaldu dute unibertsitateko iturriek.

Zehaztu dutenez, parte hartzaileen artean «inork ez dakar euskara etxetik, gero ikasitako hizkuntza dute eta trebeziaz baliatzen dute unibertsitatean bere egunekoan».

Solasaldia Reyes Prados ETBko aurkezle ohi eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakasleak gidatuko du.

Pradosen ondoan, Cristina Miranda da Almeida brasildarrak (Arte Ederretako Fakultateko irakaslea), Matteo Vannacci italiarrak (Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea), Gabriel Lopez argentinarrak (Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea), Teresa Campos jaendarrak (Hezkuntza Fakultateko irakaslea) eta Juan Abasolo argentinarrak (Hezkuntza Fakultateko irakaslea) hartuko dute parte mahai inguruan.

Bizipenak eta bertsolariak

Heldutan euskaldundutako beste bi partaide izango ditu ekitaldiak, bertsolariak biak: Manu Bendala andaluziarra eta Peio Aldraiz iruindarra.

Eguerdiko 12.00etan hasiko da «Euskara azentuekin» saioa, eta aurreratu dutenez, bizi dituzten esperientzia «bizi eta bitxiak» ezagutzeaz gain, haiekin hitz egiteko parada izango da.