GAUR8

Programa zabala prestatzen ari dira 24 erakunde «Emakumeak zientzian» ekimenari begira

Zientzia eta teknologia arloetako 24 erakunde 50 jarduera baino gehiago ari dira prestatzen otsailaren 11ko, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira ospatuko den «Emakumeak zientzian» programari begira.

Ekimenaren helburu nagusia neskek zientziarekin eta teknologiarekin lotutako ikasketak hauta ditzaten bultzatzea da.
Ekimenaren helburu nagusia neskek zientziarekin eta teknologiarekin lotutako ikasketak hauta ditzaten bultzatzea da. (LuIS JAUREGIALTZO | FOKU)

'Emakumeak Zientzian' proiektuaren zazpigarren edizioa antolatzeko lankidetza hitzarmen berria sinatu dute zientzia eta teknologia alorreko 24 euskal erakundek, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiz, hau da, zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta nesken eta nerabeen artean zientzia ikasketen hautaketa sustatzea.

Helburu horiek kontuan hartuta, hainbat erakundek indarrak batu dituzte urtero otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren inguruan jardueren programa antolatzeko.

Urtez urte handituz doan proiektuaren lankidetza akordioa sinatu duten 24 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira: Materialen Fisika Zentroa, Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change, Basque Center for Applied Mathematics, Basque Center on Cognition, Brain and Language, Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center, Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Ikerlan, Ingeniariak Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun Ingenieritza Eskola eta EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea.

Erakunde antolatzaileak 50 jarduera baino gehiago izango dituen programa zabala diseinatzen ari dira, era askotako jarduerekin, «zientzia bada nesken kontua» mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko. Programa osoa urtarrilaren 18an jakinaraziko da, eta orduan irekiko dira izen-emateak.