GAUR8

«Inguruko Hegaztiak» ekimena aktibatu du Urdaibai Bird Centerrek, hurbileko espeziei neguan elikatzen laguntzeko

Neguan zehar hegaztiak elikatzeko janlekuak jartzeko ekimena abiarazi du Urdaibai Bird Centerrek. ‘Inguruko Hegaztiak’ izeneko programa horrek herritarren parte hartzea eskatzen du hegaztiei neguan elikatzen laguntzeko, hegaztiak ingurura erakarriz eta horien ezagupena zabaltzeko.

Amilotxa neguko janleku batean, irudian.
Amilotxa neguko janleku batean, irudian. (Urdaibai Bird Center)

Neguaren iritsierarekin batera, ‘Inguruko Hegaztiak’ proiektua abiarazi du Urdabai Bird Centerrek, inguruko hegaztien ezagupena zabaldu eta, aldi berean, hainbat espeziek behar duten elikatzeko laguntza eskaintzeko.

Urtero aktibatzen duten programa banakakoei, familiei eta ikastetxeei zuzenduta dago. «Gailu erraz batzuk jarriz (neguko janlekuak) neguan hegaztiak erakartzea lortuko duzu, eta gure ingurune hurbilean elikatzea halabidetuko duzu», azaltzen du hegaztien behatokiak, bere web orrian egitasmoari dedikatutako atalean.

«Oso errotuta» iparraldean

Izan ere, Europako iparraldeko herrialdeetan oso errotuta dagoen ekimen bat da. «Urtetik urtera milaka familiak parte harzten du eta beraien lorategi eta ortuetan neguko janlekuak jartzen ditzute inguruko hegaztiak erakarri eta beraien presentziaz eta naturaz disfrutatzeko».

Zentroak zehazten duenez, «hegazti horiek janari nahikoa izaten dute udaberri eta uda aldean eta erraz aurkitzen dituzte elikatzeko intsektuak eta fruituak; baina neguaren etorrerarekin batera, hegaztiok erraz hurbiltzen dira guk jarritako janlekuetara bizirik irauteko beharrezkoa duten janariaren bila».

Proiektuak irauten duen bitartean hegaztientzako janleku horiek hornituta mantentzea da eskatzen dena. Parte hartzeko, izen-emate orria bete behar da Urdaibai Bird Centerren webgunean bertan. Jaten emateaz gain, «nahi izanez gero zeintzu espezie agertzen diren apuntatu dezakezu eta apirilaren hasieran datuak bidali», zehazten du zentroak, datuen bilketa nola egin daitekeen azalduz.