GAUR8

Berdintasunerako Zirgari Sarietarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak

Berdintasunaren aldeko ibilbide pertsonalak zein kolektiboak, proiektuak eta ekimenak saritzen dituzten Zirgari Sarietarako proposamenak egiteko epea zabaldu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k. Urtarrilaren 26ra arte proposatu ahal dira hautagaiak.

Irudian, Bilboko mugimendu feministaren azken mobilizazioetako bat.
Irudian, Bilboko mugimendu feministaren azken mobilizazioetako bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Berdintasunaren alde lan egiten duten norbanako eta kolektiboen ibilbideak, jarduerak edota proiektuak aitortzen dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k antolatzen dituzten Berdintasunerako Zirgari Sariek.

Martxoaren 8an, Emakume Nazioarteko Egunaren inguruko egunetan ematen dira sariok, eta 2023ko edizio honetara begira, proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute. Urtarrilaren 26ra arte egongo da hautagaiak proposatzeko aukera. Nabarmendu dutenez, proposatutakoen artean pertsona fisikoen zein erakundeak egon daitezke.

Hiru kategoria

Sariak hiru kategoriatan banatuta daude. ‘Ohorezko Saria’ «emakumeen eskubideen alde eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eginiko ibilbidea» saritzera bideratuta dago; ‘Berdintasunerako proiektua’ irabazteko asmorik gabeko entitateek gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde bultzatutako proiektu edota proiektuak aitortzen ditu.

‘Berdintasunaren aldeko entitatea’ da sarien hirugarren kategoria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean nabarmentzen diren irabazteko asmorik gabeko elkarte, entitate edo entitateak proposatzeko.

Zirgari Sarien zortzigarren edizioa izango da 2023koa, eta herrialdean berdintasuna eta emakumeen eskubideak sustatzeaz gain, borroka horretan diharduten pertsona eta entitateei aintzatespen publikoa ematea da beste helburu nagusia.

Pertsona fisiko eta juridikoek aurkeztu ditzakete proposamenak posta elektronikoz (berdintasuna@bizkaia.eus) edo aurrez aurre, Berdintasunerako Zuzendaritzan (Mazarredo 63, 3. solairua - 48009 Bilbo). Beste aukera bat da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan ezartzen dituen bideak erabiltzea.