GAUR8

Hogei ikerlari gazte kontratatzeko programa berri bat, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzeko

Hogei ikertzaile gazte kontratatzeko prozesua abiarazi du Ikerbasquek ‘Research Fellows’ programaren bidez. Atzerrian lanean dauden ikerlarien itzulera sustatu nahi duen ekimenak emakume ikertzaileen kontratazioa bultzatuko du. Martxoaren 15era arte dago zabalik eskaerak aurkezteko epea.

CIC nanoGUNE nanozientzia ikerketa zentroaren instalazioak, artxiboko irudian.
CIC nanoGUNE nanozientzia ikerketa zentroaren instalazioak, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Research Fellows’ programaren deialdi berri bat jarri du abian Ikerbasquek, hogei zientzialari berri kontratatzeko asmoz. Ekimenak helburu hirukoitza du: goi mailako ikertzaile gazteen harrobi bat sustatzea, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea eta EAEn ikertzen dihardutenen ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

Programaren edizio honek bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa bultzatuko du, baita kanpoan lanean dauden gazteen itzulera sustatu ere. Ezagutza arlo guztietara bideratuta dago proposamena, eta bost urtetarako lanpostuak dira eskaintzen dituenak.

Hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez dezakete eskaera Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez martxoaren 15era arte.

Zehaztu dutenez, plazetara aurkezten diren hautagai guztien nazioarteko ebaluazio-prozesu sakona egongo da, Europako Batzordearen irizpideak jarraituz.

Bost urteko kontratuak

Ikertzaile berriei bost urtetako kontratazioa eskaintzen zaie. Ibilbide horren bukaerako urtean ebaluazioa pasatu beharko dute, eta plaza iraunkorrak lortzeko aukera eskainiko zaie.

Fundaziotik zehaztu dute programaren bidez kontratatutako ikerlariak unibertsitate eta ikerketa zentroetan arituko direla, jakintza arlo guztietan, bai zientzia esperimentalean, medikuntzan, matematikan edota ingeniaritzan, baita gizarte zientzietan zein giza zientzietan ere.

Dagoeneko, 94 zientzialari kontratatu ditu Ikerbasquek Europako Batzordeko eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saileko finantziazioa duen deialdi honen bidez, 54 gizon eta 41 emakume.