GAUR8

Hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifikoa egitea proposatu dute EHUko ikertzaileek

Kantauri Itsasoko kostaldean, mila hondartza baino gehiagoko eremuan, ikerlan batek itsasertzeko segurtasun-banderen erabileran leku batetik bestera alde handiak daudela baieztatu du. Ikertzaileek segurtasun-plan bat adostea proposatu dute, baita horretan hezitzea ere.

Hondartzetako segurtasun banderen erabilera aztertu dute EHUko ikertzaileek.
Hondartzetako segurtasun banderen erabilera aztertu dute EHUko ikertzaileek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

EHUko irakasle talde batek hondartzetako segurtasun-banderek zer adierazten duten eta Kantauri Itsasoko ertzean nola kudeatzen diren aztertu du. Mila hondartza baino gehiago daude ikertu duten Higer lurmuturretik Galizako Estaca de Bares lurmuturreraino doan eremuan.

Banderen esanahia eta baldintza ozeanografiko eta meteorologikoen araberako erabilera egokia aztertu ditu lanak, baita hondartzetako segurtasunaren kudeaketak eta araudiak segurtasun-seinaleztapenean duten eragina ere.

Hondartzetako sarreran estatikoak diren bandera orokorrak eta itsaertzeko banderak bereizi dituzte. Lehenengoek hondartza osoko segurtasun-badintzak adierazten dituzte; bigarrenek hondartzetako puntu arriskutsuak edo jarduera espezifikoak baimenduta edo debekatuta dauden eremuak zehazteko jartzen dira. Azken horien erabileran ikusi dituzte ezberdintasunak.

Azterketan, segurtasun-banderen sistemen artean «aldeak» daudela ikusi dute ikertzaileek, baita oso gertu dauden hondartzen artean ere, «segurtasuna tokian tokiko gobernuek kudeatzen dutelako».

Berde, hori eta gorri koloreak erabiltzen dituzten bandera orokorren kasuan berdin erabiltzen dira, eta horrek araudiak funtzionatzen duela erakusten du, ikerlarien iritziz. Itsasertzeko banderen kasuan, aitzitik, forma eta neurriak ez dira berdinak.

«Hondartzen sarrerako informazio-karteletako ikur eta koloreak ez daude normalizatuta. Leku batzuetan, informazio kontraesankorra ematen duen seinaleztapen bikoitza ere badago», azaldu du Imanol Basterrechea Itsasketa Zientzia eta Teknikak Saileko irakaslea eta ikerketaren egileetako batek.

«Hondartzetako segurtasuna tokiko gobernuek kudeatzen dutenez, hondartza bakoitzeko segurtasun-zerbitzuetan giza baliabide eta baliabide material desberdinak dituzte. Gainera, sorospen-zerbitzuak enpresa eta erakunde desberdinek ematen dituzte, eta ez dago itsasertz osorako hondartzetako segurtasun-plan orokorrik», azaldu du EHUk ikerketaren harira.

Adostutako plan bat eta heziketa txikitatik

Ikertzaileen ustez, konponbide bat izan daiteke «erkidego edo probintzietako gobernu guztiek» segurtasun-plan bata adostea eta «plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea».

EHUko Itsasketa Zientzia eta Teknikak Saileko hiru irakaslek eta Matematika Aplikatuko Saileko irakasle batek egindako azterketan nabarmentzen da ezinbestekoa dela erakunde guztien inplikazioa, segurtasun-plan bat adosteko.

«Plan horrek hondartza guztietako kudeaketa koordinatu eta berdinduko luke, eta banderen koloreek eta seinaleen diseinuak gainerako herrialdeetan erabiltzen dituzten estandarrak beteko lituzkete», zehaztu du Basterrechea doktoreak. Era berean, haur hezkuntzatik hasita hondartzako segurtasunaren inguruan heztearen beharra azpimarratu du, «erabiltzaileak kontzientziatzeko, seinaleak ulertzeko eta arriskuez jabetzeko».