GAUR8

EHUko Uda Ikastaroetan probatuko dute Elhuyarren aldibereko itzulpen automatikoa

EHUko Uda Ikastaroetan egingo dute aldibereko itzulpen automatikoko sistemaren proba pilotua. Horri esker, interpreterik ez dagoen uneetan, euskaraz egindako agerraldiak testu idatzian jaso eta aldibereko itzulpena izango dute euskal hiztunak ez diren ikasleek.

Itziar Alkorta UIK-ko zuzendari akademikoa eta Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusia hitzarmenaren sinatzaileak. 
Itziar Alkorta UIK-ko zuzendari akademikoa eta Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusia hitzarmenaren sinatzaileak.  (Elhuyar Fundazioa)

Hitzarmen batean jaso dute Elhuyar Fundazioak eta UIK-k hizkuntza-teknologien arloan egingo duten elkarlana, eta horren baitan, ahotsetik testurako aldibereko itzulpen automatikoko sistemaren proba pilotuen diseinua eta aplikazioa adostuko dute.

EHUko Uda Ikastaroak izango dira elkarlanaren lehen emaitzetako bat, aldibereko itzulpen sistema ingurune errealetan probatzeko aukera emanez. Sistemari esker ikastaroetako hitzaldiak automatikoki testu idatzi bihurtuko dira eta aldi berean horien itzulpena egingo da.

Adimen artifizialean oinarritutako teknologiak, ahotsaren errekonozimendurako sistemak eta itzulpen-sistema automatikoak erabiliko dituzte.

Sinatutako hitzarmenak erakunde bientzat ekarriko dituen onurak azpimarratu dituzte: «UIKentzat garrantzitsua da proiektua, euskarak programan presentzia handiagoa izateko aukera» duelako, eta Elhuyarrentzat, ingurune errealean probatu ahal izango duelako.

«Izan ere, interpreterik aurreikusia ez dagoen kasuetan ere hizlariek euskaraz hitz egiteko tartea hartu ahal izango dute, eta esandakoaren berehalako itzulpena idatziz jaso ahal izango dute euskal hiztunak ez diren ikasleek beren hizkuntzan», azpimarratu dutenez.

Elhuyarren kasuan, proba pilotu horien balioa azpimarratu dute, sistema zenbait hizlari eta egoeratara nola egokitzen den aztertu ahal izango dutelako. Era berean, aldibereko itzulpen automatikoa ahalbidetuko duten teknologiak gizarteratzeko balio izango du esperientziak.