GAUR8
Gaur X urte

Gaur 97 urte jaio zen Marilyn Monroe, zinema estudioetako sexu-jazarpena salatu zuen izarra

1950eko hamarkadan, Marilyn Monroek 20th Century Fox salatu zuen, genero-rolen aurka borrokatu zen eta zinema estudioetan ohikoa zen sexu-jazarpena salatu zuen. 1926ko ekainaren 1ean jaio zen Los Angelesen, gaur 97 urte.

Marilyn Monroek zinema estudioetan ohikoa zen sexu jazarpena salatu zuen. (NAIZ)
Marilyn Monroek zinema estudioetan ohikoa zen sexu jazarpena salatu zuen. (NAIZ)

Gaur betetzen dira 97 urte Norma Jeane Mortenson, Marilyn Monroe gisa ezagunago, jaio zenetik. Modelo lanetan hasi zen eta mundu mailan ezagun egin zuten pantaila handian egindako lanek. Pantailen atzekoa, gainera, sarritan salatu zuen. ‘Me too’ mugimenduari aurrea hartuta, zinema estudioetako sexu-jazarpena jakitera eman eta deitoratu zuen.

20th Century Fox-ekin kontratua sinatu zuenean aldatu zuen izena; geroztik, Marilyn Monroe gisa ezagutuko zuen munduak. 1948an hartu zuen parte lehenengoz pelikula batean, ‘Ladies of the chorus’ filmean, baina 1950ean antzeztu zuen lehen pertsonaia garrantzitsua, ‘The asphalt jungle’ luzemetraian.

Baina 20th Cenruy Fox kartzela baten modura bizi zuen Monroek, eta bere ekoiztetxea sortzea erabaki zuen, Milton Greene argazkilariarekin batera: Marilyn Monroe Productions-en zigilupean egin zituzten ‘Bus stop’ eta ‘The prince and the showgirl’.

Marilyn Monroe Productions sortu izana keinu iraultzailea izan zen. Bere ekoiztetxearekin, Monroek zuzenean desafio egiten zien zinema estudioen orduko jokamoldeei eta 20th Century Fox-en kontra egitera ere ausartu zen. Hainbeste, ezen 20th Century Foxeko buruzagiek bere aurkako borroka legala hasi zuten, aldi berean aktore eta modeloa gogor kritikatuz eta barregarri utziz.

Gainera, Marilyn Monroe oso kritikoa izan zen Hollywoodeko giroarekin hasiera-hasieratik. Zinema estudioetan abusuak eta sexu-jazarpena nola gertatzen ziren ikusteaz nazkatuta, aktoreak errealitate hori salatu zuen, industriari aurre egitea oso zaila zen momentu batean ahotsa altxatuz. XXI. mendeko ‘Me too’ mugimenduari hamarkadetako aldea atera zion.