GAUR8
Gaur X urte

Gladys del Estalen memoria herrian bizi da, haren heriotzatik 44 urtera

Garondoan tiro batekin bukatu zen, 1979ko ekainaren 3an, Gladys del Estal Ferreño gazte donostiarraren bizitza. 44 urte pasatu dira, baina naturaren aldeko ekintzailearen aldeko memoria bizirik dago oraindik. Alta, haren heriotzaren ardura ez du inork bere gain hartu.

Gladys del Estal ekintzailearen irudia. (NAIZ)
Gladys del Estal ekintzailearen irudia. (NAIZ)

Hil eta 44 urtera, Gladys del Estal Ferreñoren memoriak bizirik dirau. Urtero, ekainaren 3arekin batera, hainbat lagun elkartzen dira, batetik naturaren aldeko ekintzaileak jatorri zuen Donostiako Egia auzoan eta, bestetik, Tuteran, Guardia Zibilak hil zuen tokian.

Gladys-ek 23 urte zituen hil zutenean, Donostiako Egia auzoan bizi zen, eta informatikako programatzailea zen. Egiako Talde Ekologistakoa eta Euskal Herriko Batzorde Antinuklearretako kidea zen. 1979ako ekainaren 3an Tuteran egiten zen Energia Nuklearraren aurkako Nazioarteko Jardunaldian parte hartu zuen.

Egun horretan, milaka pertsona elkartu ziren Tuteran Energia Plan Nazionalaren aurka, Lemoizko zentrala eta gainerako proiektu nuklearrak geldiarazteko eskatuz, Tuteran egin nahi zena barne. Mobilizazioak izaera antimilitarista ere bazuen, Bardeako tiro-poligonoaren kontra ere egin baitzuten ekintzaileek.

Protesta horretan, Jose Martinez Salas guardia zibilak tiro egin zuen Gladys Del Estalen kontra, haren garondora, zehazki. 1981eko abenduan, Iruñeko Epaitegiak 18 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion, baina ez dago bere espetxealdiaren konstantziarik. Aldiz, kondena jaso eta soilik bi hilabetera, kondekorazioa bat jaso zuen, eta beste bat 1992an, meritu militarrengatik. Gladys del Estalek, kontrara, inoiz ez du jaso Estatuko biktima gisa dagokion aitortza.