GAUR8
Gaur X urte

Hegan egiteko ametsari egia gailendu zitzaion lehenengoz, gaur 240 urte

Airean bidaiatzeko amets zaharra 1783an gauzatu zen, Montgolfier anaiek asmatutako aire beroko eta hidrogenozko globoei esker. 240 urte pasatu dira ordutik.

Montgolfier globo bat Aranjuezeko Errege Guneko lorategietan, Antonio Carniceroren artelan batean.
Montgolfier globo bat Aranjuezeko Errege Guneko lorategietan, Antonio Carniceroren artelan batean. (WIKIMEDIA)

Gaur 240 urte, 1783ko ekainaren 4an, Montgolfier anaiek globo aerostatiko bat jaurti zuten airera historian lehenengo aldiz, Parisen. Bi kilometroko hegaldia egin zuen hamar minutuan.

Paper-fabrikatzaile baten semeak ziren Joseph-Michel eta Jacques-Etienne anaiak, eta egun batean suarekin eta paperezko poltsekin jolasean ari zirela, poltsak sabairaino igotzen zirela ohartu ziren. Horrek poltsa handiagoekin eta material arinagoekin esperimentatzera eraman zituen. 1782an zetaz eta lihoz estalitako globoak egin zituzten eta 1782ko abenduaren 14an, aire librean 18 metro kubikoko zeta-poltsa airera jaurtitzea lortu zuten, 250 metroko altueraraino.

1783ko ekainaren 4an egin zuten lehen erakustaldi publikoa; paperez estalitako lihozko poltsa esferiko bat jaurti zuten airera. 11 metroko diametroa zuen, 800 metro kubiko eta 226 kilo inguruko pisua, aire beroz betea. Hegaldia bi kilometrokoa izan zen, 10 minutu iraun zuen eta gutxi gorabehera 1.600 eta 2.000 metroko altureraraino iritsi zen globoa.

Hurrengo saiakeretan izaki bizidunak (ardi bat, ahate bat eta oilar bat) sartu zituzten globoari lotutako saski batean. Versaillesen egin zuten saiakera horietako bat, Frantziako Louis XVI erregearen aurrean. 1783ko abuztuaren 27an, 45 minutuan 20 kilometro egiten zituen globo aerostatikoak.

1783ko azaroaren 21ean egin zuten gizakiek tripulatutako lehen hegaldia. Paristik 100 bat metroko altueran egin zuten hegan 25 minutuz, guztira bederatzi kilometroko ibilaldia osatuz.