NAIZ
Gaur X urte

Elias Querejeta hernaniar zinema ekoizlea orain hamar urte hil zen

Ekoizle gutxik izan dute Elias Querejeta hernaniarraren ibilbidea. Estatu espainiarreko zinemaren hainbat maisulanen atzean egon da ia mende erdian. Zineman sutsu, euskal gatazkarekiko izan zuen jarreran, berdin. Gaur, ekainak 9, hamar urte bete dira hil zenetik.

Elias Querejeta, ezkerrean, 2004ean Zinemaldian, Luis de Pablo eta Antton Ezeizaren ondoan.
Elias Querejeta, ezkerrean, 2004ean Zinemaldian, Luis de Pablo eta Antton Ezeizaren ondoan. (Imanol OTEGI | FOKU)

«Arrisku gehiegi hartzen ditudala esaten dituzten ahotsei kasu egingo banie, ez nuke egiten dudan ezer egingo», zioen Elias Querejetak (Hernani, 1934 - Madril, 2013), Javier Corcuerak zuzendutako ‘Munduaren bizkarra’ (2000) dokumentalean.

Arriskua beti izan baitzen behar-beharrezko osagaia gidoilari eta zinema-ekoizle honen ibilbidean: hainbat aldiz alboratu zuen zentsura frankista ‘La caza’ (1965), ‘La prima Angélica’ (1973) edo ‘A través del fútbol’ (1962) filmetan. Azken honetan Errealeko jokalari ohi honek (kamiseta txuri-urdinarekin jokatu zuen Lehen Mailan sei denboraldi, 1853 edo 1958 urteen artean), gustuko zuen bere futbol zaletasunaren grina irauli zuen eta, era berean, eduki politiko dezente sartu.

Hernanikoak ere erakutsi zuen publikoki euskal gatazkarekiko zuen jarrera –borroka armatuaren aurka zegoen erabat– eta kezka, bai zineman –hiru dokumental egin zituen–, bai eta Donostiako 2000ko ‘Bizitzaren eta askatasunaren alde’ deitu zen manifestazioan edo 2003an, ‘Ibarretxe planaren’ aurka egin zenean.

60. hamarkadan sortu zuen bere ekoizpen-etxea eta Carlos Saurak egin zituen filme gehienek ekoizlea izan zen: ‘La caza’ (1965), ‘Pepermint frappé’ (1966), ‘Mamá cumple cien años’ (1979), ‘Deprisa, deprisa’ (1980), ‘La prima Angélica’ (1973) y ‘Cría Cuervos’ (1976)

Manuel Perez Aragon, Julio Medem... beste hainbat zinemagile handien sustatzailea izan zen, eta filme ikoniko askoren ekoizlea: Víctor Erice bizkaitarraren ‘El espíritu de la colmena’ (1973) edo ‘El Sur’ (1983) ekoitzi zituen; Montxo Armendarizen ‘Tasio’ (1983) eta ‘27 horas’ (1986), edo Fernando León de Aranoaren  ‘Barrio’ (1998) eta ‘Los lunes al sol’ (2002).

Azken honek Urrezko Maskorra jaso zuen Donostian eta bost Goya sari Madrilen. Uzta ederra 50 urteko ibilbiderako. Egun, Donostiako zinema eskolak bere izena darama.