GAUR8

EAEko 65 gaztek hartuko dute parte «Gazteak lankidetzan» boluntariotza programan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 65 gaztek, gehienak emakumeak, Lakuaren parte hartzea duen «Euskadiko gazteak Lankidetzan» programan hartuko dute parte. Honduras, Peru eta Mexiko daude gazte horien helmugen artean baita Ginea eta Uganda ere, hainbat arlotako proiektuak garatzeko.

Programan parte hartuko duten gazteak bederatzi herrialdetan arituko dira lankidetza proiektu ezberdinetan.
Programan parte hartuko duten gazteak bederatzi herrialdetan arituko dira lankidetza proiektu ezberdinetan. (Irekia)

EAEko 65 gaztek, 50 emakumek eta 15 gizonek, parte hartuko dute ia hiru hilabetez ‘Euskadiko Gazteak Lankidetzan/Juventud Vasca Cooperante’ programaren 2023ko edizioan.

Uztailaren 13tik aurrera, gazte lankideak EAEko GGKE-en proiektuetan boluntariotza garatuko duten helmugako bederatzi herrialdeetako batera jotzen hasiko dira, toki-erakundeekin lankidetzan.

Proiektuak Hondurasen, Perun, Ekuadorren, Mexikon, Guatemalan, El Salvadorren eta Kolonbian egingo dira, Amerikan; eta Ginean eta Ugandan, Afrikan.

Aurten, hamabost GGKE izango dira programan, eta 33 proiektu ezberdin izango dituzte. Edizio honetan erakunde berriak sartu dira programan, hala nola Unión y Apoyo del Hablante Pular-Haaly Pular elkartea, Jorge Adolfo Freytter Romero elkartea eta Itsas Salbamendu Humanitarioa.

Jonan Fernandez Lakuako Gobernuko Gizarte Trantsiziorako eta 2030 Agendarako idazkari nagusiak hegaldi-txartelak, bisak eta mugitzeko eta lankidetza eta elkartasun esperientzia garatzeko beharrezko dokumentazioa banatu ditu ostegun honetan.

Hezkuntza eta berdintasuna

Hezkuntzarekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin, GGKEek lan egiten duten eremuen garapen komunitarioarekin edo osasunaren sustapenarekin lotutako proiektuez gain, hainbat ekimen gauzatuko dira nutrizioaren arloan laguntzen, nekazaritza organikoaren garapenarekin lotuta eta baso-mintegien sorrera, bizi-baldintzen hobekuntza eskola jasangarriak eta emakume-taldeak sustatuz.

Lakuako Exekutiboko Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (Elankidetza) bultzatu eta antolatutako programa honen helburu nagusia da gazteak sentsibilizatzea hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan, eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea.