GAUR8

TREC Europako punta-puntako espedizio zientifikoak euskal kostaldeko ekosistemak esploratuko ditu

Plentzia-Bilbo da laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko zortzi geralekuetako bat

Maila goreneko espedizio zientifikoa hartuko du Euskal Herriak.
Maila goreneko espedizio zientifikoa hartuko du Euskal Herriak. (GAUR8)

Irailaren 13tik urriaren 18ra, Euskal Herriko Unibertsitateak maila goreneko espedizio zientifiko bat hartuko du, gizartearen erronkekin eta UNESCOren Garapen Jasangarrirako Ozeano Zientzien Hamarkadako helburuekin bat egiten duena. TREC (Europako kostaldeak zeharkatuz, ingelesezko siglekin) punta-puntako espedizio zientifiko eta kontzientziaziokoa da; Biologia Molekularreko Europako Laborategiak (EMBL) koordinatzen du, Tara Oceans Foundation ozeanoak esploratzen dituen fundazioaren eta EMBRC-ERIC ikerketako Europako azpiegituraren partaidetzarekin. Espedizioa apirilean hasi da, eta 2024ko ekainean amaituko da.

TREC espedizioak Tara ikerketa zientifikoko belaontziaren ozeano-esplorazioa eta lehen aldiz lurra-itsasoa trantsizioan bertan EMBLk egingo dituen lanak konbinatuko ditu. EMBLren 50 urteetan lehen aldia izango da laborategiak kanpora atera eta zuzenean kanpoaldean lan egingo dena.

Espedizioak 22 herri bisitatuko ditu, 46 tokitan geldituko da, eta lurra-itsasoa trantsizioko 120 puntutan hartuko ditu laginak; horrez gainera, itsasoan ere jasoko dira laginak Tara belaontzitik. 46 geldiune horietatik 8 bakarrik hautatu dira laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko gune gisa. Horietako bat Plentzia-Bilbo gunea izango da. Zehazki, EMBLk bi ekipo mugikor eramango ditu. Bi ekipo horietako bat kamioi artikulatu bat da, atoi hedagarriduna, eta azken belaunaldiko mikroskopia-ekipamendu aurreratua Plentzia-Gorlizera eramateko erabiliko da. EMBLko 20 bat zientzialari arituko dira han lanean irailaren 13tik urriaren 11ra; UPV/EHUko zientzialariekin lankidetzan arituko dira, eta TREC espedizioko landa-laginketetan lagunduko dute. 

Muskizen eta Urdaibain ere jasoko dituzte laginak, laborategi mugikor bat erabiliz. Era berean, Tara belaontziak laginak jasoko ditu gure kostaldetik barrurago, ur sakonagoetan. TREC espedizioak biodibertsitate mikroskopikoa (birusak, bakterioak eta bestelako organismo zelulabakar batzuk), alga-taldeak eta animalia batzuk aztertuko ditu. Metodologia aurreratuenak erabiliko dituen azterketari esker, orain arte ez bezalako informazioa lortuko da gure ozeanoetako biodibertsitateari buruz, eta Europako kostaldeko ekosistemetako lehenengo errolda osatuko da.