GAUR8

Mirotz zuria espezie mehatxatuaren bi ale markatu ditu Gasteizko Udalak

Mirotz zuri bikote bat markatu dute Gasteizen, espezie mehatxatuen katalogoan dagoen hegazti horien jarraipena egiteko. Laster hasiko den uzta sasoian, txitak kenduko dituzte habiatik eta beranduago aske utziko dituzte.

Markatutako mirotz zurietako bat, irudian.
Markatutako mirotz zurietako bat, irudian. (Gasteizko Udala)

Gasteizko Landa Eremuaren Zerbitzuak mirotz zuri bikote bat markatu du, Hontza Natura elkartearekin elkarlanean. Espezie mehatxatuen katalogoan, egoera zaurgarrian dagoen espezieen artean agertzen da hegaztia. Azaldu dutenez, azken erroldek bere populazioa nabarmen gutxitu dela erakusten dute.

Udal zerbitzuak berak zabaldutako datuen arabera, hamaika urteko epean bikoteen %35 inguru galdu dira. Klimak eragin zuzena du egoeran: «hilabete hauetan bakarrik, eta baldintza klimatikoak direla eta %25 txita gutxiago zenbatu dituzte».

Zehaztutakoaren arabera, sei mirotz zuri habia baino ez dituzte topatu Araban egindako azken prospekzioan: horietako bat Gasteizkoa. Ikerketa berean, mirotz urdin 24 habia aurkitu dituzte herrialdean, bi Gasteizen.

GPS-ren bidezko jarraipena

Markatutako hegaztien jarraipena GPS transmisore baten bidez egiten da. Sistema horrek eskaintzen duen informazioa oso baliotsua dela azpimarratu dute adituek: «kokapena, bizi-eremuak, migrazio ibilbideak, negutokiak eta errunaldiak» jarraitzeko datuak ematen baititu.

Markatu duten emeari Landa izena jarri diote, eta Aberasturi arrari. Azaldu dutenez, egoera onean daude biak, «osasuntsu eta ondo elikatuta». Hala ere, esku hartzeak urrats berriak izango ditu hurrengo asteetan. Aurreratu dutenez, laster hasiko den uzta garaiari begira txitak kenduko dituzte habiatik, «haien garapena Martiodan osatu eta gerora inguru naturalean» aske utziko dituzte.

Nekazaritza jarduerarekiko oso sensiblea den espeziea da mirotz zuria, azaldutakoaren arabera. Zerealaren laborantzaren edo larren inguruan egiten dute ugalketa, eta uztaldia aurreratzeak habiak hondatu ditzake txitak oraindik hegan egiteko txikiegiak direnean.

Era berean, funtzio ekologiko baliotsua betetzen duen espeziea dela nabarmendu dute, bere elikagai nagusiak karraskariak eta ornodun txikiak baitira.