GAUR8

Asteburuan hiru lurrun tren ibiliko dira Azpeititik Lasaora, Trenbidearen Euskal Museoaren eskutik

Euskotreneko Trenbidearen Euskal Museoak proposamen berri bat luzatu du asteburura begira: hiru lurrun tren irtengo dira Azpeititik Lasaora larunbatean eta igandean. Plana borobiltzeko, tren bilduma onenetako bat duen erakusketa bisitatzeko aukera dagoela gogoratu du.

Trenbidearen Euskal Museoaren 23. urtemugako ospakizunetan martxan jarritako tren historikoetako bat, artxiboko irudian.
Trenbidearen Euskal Museoaren 23. urtemugako ospakizunetan martxan jarritako tren historikoetako bat, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lakuako Gobernuko sozietate publikoa den Euskotreneko Trenbidearen Euskal Museoak hiru lurrun tren jarriko ditu martxan asteburuan, abuztuaren 5ean eta 6an. Era berean, hilabete honetan, museoaren udako eskaintza diesel tren historikoen bi irteerarekin osatuko da, asteartetik ostiralera.

Euskotrenek adierazi duenez, lurrun trenak honako ordutegia izango du Museotik (Azpeitia) Lasaora joateko: abuztuaren 5ean, larunbata, 12.00etan eta 17.30ean; eta abuztuaren 6an, igandea, 12.00etan. Lanegunetan (asteartetik ostiralera) diesel trakzioko trenak ibiliko dira. Azpeitiako Trenbidearen Euskal Museotik Lasaora joateko orduak 12.00etan eta 17.30ean izango dira.

Beste alde batetik, museoaren ordutegia asteartetik larunbatera 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era izango da. Igandeetan goizez bakarrik egongo da zabalik, 10.30etik 14.00etara.

Lokomotorrak, tailer mekaniko zaharrak...

Trenbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik «onenetakoa» erakusten du, nabarmendu duenez. Mota guztietako ibilgailuen artean lurrun lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak daude.

Era berean, EAEko makina erreminten multzorik «osatuenetako bat» eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bitartez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko trenbide erlojuen bildumarik «onenetako baten» laginak ditu.