GAUR8

Bittor Kapanaga Otxandioko «aztia»-ren legatua ezagutzeko bisita gidatua

Bittor Kapanaga «Otxandioko aztia» ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute irailaren 3rako. Euskaltzale ezagunak egindako ekarpenean sakontzeko bidaia izango da, herrian zeharreko ibilalditxo baten bidez.

Bittor Kapanaga otxandioarra, irudian.
Bittor Kapanaga otxandioarra, irudian. (Marisol RAMIREZ)

Kanapanagazaleen Taldeak bisita gidatu berezi bat antolatu du irailaren 3rako, Bittor Kapanaga euskaltzale ezagunaren legatura hurbiltzeko. 2011n hil zen Kapanaga hutsune handi bat utziz euskararen ikerketan eta euskalgintzan. Azken urteetan hainbat herri ekimen izan dira otxandioarraren lana gogoratzeko.

Kapanagazaleen Taldeak azaldu du ohar batean helburua dela «Bittorrek egindako ekarpena modu atsegienan ezagutzea». Izan ere, herrian zeharreko ibilalditxoa antolatu dute eta horri amaiera emateko Kapanagak sortutako kanta bat abestuko dutela aurreratu dute.

Gogoratu dutenez, ekarpen handia egin zuen otxandioarrak euskararen inguruan, baita euskal kulturari dagokionean eta euskal mundu ikuskeraren ikuspuntutik.

Hizkuntzari dagokionez, «bere hiru substratuen teoriak hitz asko azaltzeko bide eman» zuela gogoratu dute: «adibidez, ‘iz’ erroaren oparotasuna argi zentzuan (IZetu, pIZtu, IZarra, IZtant…), su zentzuan, uraren zentzuan… edo ‘aba’ erroa senidetasuna adierazteko (nEBA, arrEBA, alABA, izEBA, osABA…) edo beste erroena: ‘ar/ur’, ‘il’, ‘ge’...».

Era berean, bere lana oroituta, gogora ekarri dute «zergatik ‘euskera’ proposatu zuen baturako eta ez ‘euskara’, edo ‘garapena’ terminoa zelan proposatu eta zabaldu den batuan».

Euskal kultura eta kantagintza

Euskal kultura ere Kapanagaren pasioetako bat izan zen, eta horren isla da hainbat arlotan eman zuen laguntza: Durangoko Azokan, kantagintzan... Gontzal Mendibilek, Niko Etxartek, Josu Zabalak, Patxi Villamorrek edota Txomin Bengoak abestu dituzte Kapanagak idatziriko kantak, oroitu dutenez.

Horrez gain, otxandioarrak herrigintzan utzitako aztarna nabarmendu dute, kooperatibak bultzatuz edota zinema sortzen lagunduz, besteak beste; eta euskal mundu ikuskeraren inguruan egindako ekarpena aipatu dute.

Ibilaldia Otxandioko Udaletxe aurretik abiatuko da. Bi orduko iraupena izango du, eta Iosu Urrexolak, Aintzane eta Agurtza Lazkanok eta Patxi Alañak aurkeztuko dute.