GAUR8

Islandiara joango da Albaola, euskaldun eta islandiarren historia jasoko duen proiektua abian jartzeko

Euskal Herriko eta Islandiako marinelen arteko harremanen historia eta itsas kultura berreskuratu eta balioa eman nahi dion proiektu bat jarri dute abian Islandiako Djupavík herrian, 1615ean euskal baleontziak hondoratu ziren inguruan. Albaola Itsas Kultur Faktoria bertan izango da islandiarrekin elkarlanean ‘Baskasetur’ museoaren sorreran laguntzen, eta ekimena Euskal Herrira ere iritsiko da.

Bale-txalupen eraikuntzan edota itsas kulturan pilatutako ezagutza eskainiko du Albaolak islandiarrekin partekatutako egitasmoan.
Bale-txalupen eraikuntzan edota itsas kulturan pilatutako ezagutza eskainiko du Albaolak islandiarrekin partekatutako egitasmoan. (Albaola Itsas Kultur Faktoria)

Albaola Itsas Kultur Faktoriak Islandiako Djupavík herrira bidaiatuko du, Islandia eta Euskal Herriko marinelen historia partekatua babesten duen Basque Association in Iceland elkarteak gonbidatuta.

Elkarte islandiarrak Euskal Zentro bat ezartzeko asmoa du Islandiako mendebaldeko fiordoen Starndir eskualdeko Djupavík herrian, Islandiara joaten ziren euskal marinelekin lotura estuena duena, eta euskal elkarteak parte hartze zuzen bat izango du ekimenean.

Izan ere, itsasoarekin zerikusia duen industriengatik ezaguna da herri txiki islandiarra. Inguru horretan 1615ean euskal baleontziak hondoratu ziren, gogoratu dutenez.

Duela bi urte Euskal Zentroaren sorreran parte hartzera gonbidatu zuten Albaola, «Europako bi nazio txikiren historia, Euskal Herrikoa eta Islandiakoa, eta itsasoarekin duen lotura ospatzeko asmoz».

Ohar batean nabarmendu dute, ekimenak «harreman berriak eraikitzeko, publiko bietara iristeko eta gure itsas historia balioan jartzen jarraitzeko proiektu berriak garatzeko aukera» emango duela.

Bi eguneko sinposioa urrian

Elkarlanean, beraz, Albaolak bere esperientzia eta ezagutza eskainiko ditu balea-txalupen eraikuntzan eta erabileran. Zehaztu dutenez, hiru zeregin nagusi izango ditu euskal elkarteak. Lehena publiko osoari irekitako bi eguneko sinposioa antolatzea izango da, partzuergoko bazkide, ontzigile tradizional eta historialarien parte harztea izango du, eta urriaren 16an eta 17an egingo da Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Ontzigintzako euskal tradizioak partekatzea eta alderatzea da bilkuraren helburua. Horren ondoan, Pasaiako ontziola museo eskolan, «prestakuntza intentsiboa» antolatu dute «Islandiako hainbat ontzigile tradizionalek bale-txalupa bat eraikitzen ikas dezaten».

Xabier Alberdi Albaolako zuzendari zientifikoak, bestalde, erakusketaren edukiak gainbegiratuko ditu Djupavíken. Aurreratu dutenez, ‘Baskasetur’ izena izango du museoak eta 1615ean gertatutako euskaldunen sarraskiaren historia jasotzeaz gain, «bi herriek aurretik izandako harremana eta elkarbanatzen duten kulturan sakonduko du».

Aipatu dute, era berean, museoa eraikitzeko lanak hasi direla eta 2025eko abuztuan bukatzekoak direla. Zehaztu dutenez, Europar Batasuneko funtsak jaso ditu proiektuak eta Albaola ez da euskal bazkide bakarra: «Haizebegi euskal musika elkartea edo University Centre of the Westfjords (University of Iceland) bezalako euskal kulturaren munduko eta Islandiako erakundeetako partaideak batu dira», eta beste erakunde batzuen laguntza izango du.