GAUR8
Gaur X urte

Joseba Elosegik bere buruari su eman zion Francoren aurrean

1970eko irailaren 18a zen, Donostiako Anoeta pilotalekua lepo zegoen Munduko Pilota Txapelketaren hasieran. Ekitaldiaren buru, jakina, Franco diktadorea. Joseba Elosegi beregana hurbiltzen saiatu zen, bere buruari su eman eta ‘Gora Euskadi askatuta!’ garrasi egitearekin batera. Hamazazpi egun eman zituen hilzorian, eta hiru urte kartzelan. Bertan idatzi zuen ‘Quiero morir por algo’ (Zerbaitengatik hil nahi dut) liburua.

Daniel Velez ‘Soud Ouest’ egunkariko argazkilariak unea harrapatzea lortu zuen.
Daniel Velez ‘Soud Ouest’ egunkariko argazkilariak unea harrapatzea lortu zuen. (Daniel VELEZ)

Duela 53 urte, gaurko egunez, Donostiako Anoeta pilotalekua (gaurko Atano III.a) gainezka zegoen Munduko Pilota Txapelketa zela eta. Francisco Franco partida bat ikusten ari zela, Eusko Gudarostean borrokatu zen gudari batek, Joseba Elosegik, bere buruari su eman zion eta bigarren galeriatik kantxara jauzi egin zuen, ‘Gora Euskadi askatuta’ oihukatuz, diktadoreari Gernika suntsitu zuen su kiskalgarria ikustarazteko asmoz, berak ikusi zuen bezala.

Saseta Batailoiarekin Etxebarriako Urko mendian zebilela, herria bonba artean lehertu zen bere azpian. Batailoiaren kapitaina izan zen eta Castro Urdialesko Barquin eskolan hartu zuten preso. Heriotza zigorra ezarri zioten, baina El Duesoko espetxean zegoela, frankistek beste preso batzuen truke aldatu zuten.

1915ean jaio zen Elosegi, Donostian. Bertan merkataritzako peritu izateko ikasi zuen eta Parisen Arte Ederrak egin zituen. Eusko Alderdi Jeltzaleko eta Eusko Alkartasunako kidea izan zen. Ibilbide politiko oparoa duen arren, Atanoko ekintzagatik da ezaguna. Haren ondorioz, zazpi egun egon zen ez hil ez bizi, baina aurrera atera zen. Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta hiru urte eman zituen preso, indultua jaso baitzuen gero. ‘Quiero morir por algo’ (Zerbaitengatik hil nahi dut) liburua idatzi zuen kartzelan.

1990ean zendu zen, miokardio infartu akutu baten eraginez.