GAUR8

Mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko jarduerak egingo dituzte EHUko Campusetan

EHUko campusek mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko jarduerak hartuko dituzte hurrengo egunetan, Mugikortasunaren Europako Astearen testuinguruan. Bizikletaren erabilera sustatzera daude bideratuta batzuk, baita auto elektrikoak bultzatzeko ere. Bilboko Ingeniaritza Eskolak garatutako ibilgailua erakutsiko dute.

Bizikleten erabilera bultzatzea da antolatutako hainbat ekimenen helburua.
Bizikleten erabilera bultzatzea da antolatutako hainbat ekimenen helburua. (Maddi Soroa | FOKU)

Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, EHUko campusetan eredu jasangarriagoak bultzatzeko hainbat ekimen jarriko dituzte abian irailaren 20tik 22ra.

Bizikletaz eta patinete elektrikoz egindako zirkuituak daude programatutako jardueren artean, baita bizikletak konpontzeko tailerrak eta auto elektrikoen erakustaldiak. Azken horien artean, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle eta irakasle talde batek garatutako kotxe elektrikoa egongo da ikusgai.

Garraio eredu jasangarriagoak sustatzeko bidean, ibilgailu elektrikoentzako kargatze azkarreko puntuak jarri ditu Parke Teknologikoak, Bizkaiko Campuseko Zientzia Parkean (Leioa-Erandio eremua). Egoitza Eraikinaren ondoan dagoen instalazio berriak energia %100 berdearekin birkargatzeko bermatzen du, energia hori iturri berriztagarrietatik sortua baita, zehaztu dutenez.

Egitaraua bihar abiatuko da Leioan, 10.30ean Mikel Laboa Plazan, Ingeniaritzako ikasleek eta irakasleek garatutako Formula ibilgailu elektrikoaren erakusketarekin. Era berean, bizikletentzako tailerra eta bizikletaz egiteko ibilbideak egongo dira Gipuzkoako campusean. Egitaraua EHUko webgunean dago eskuragarri.