GAUR8

Urriko asteburuetan herrietako ondare bizia erakutsiko dute Durangaldean

Durangaldeko herrietan antzinatik gorde diren ohiturak, ipuinak, janak edota dantzak dira, besteak beste, ondare biziari dedikatutako programazioaren protagonistak. Irailaren 30ean hasita, ibilbide, hitzaldi edota dastatze formatuan, herririk herri joango diren hainbat proposamen koordinatu ditu Gerediaga Elkarteak.

Herrietako ohiturak eta bizimodua jorratuko dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez. Irudian, Abadiño.
Herrietako ohiturak eta bizimodua jorratuko dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez. Irudian, Abadiño. (Gerediaga Artxiboa)

Herrietako ondare bizia diren ohiturak, dantzak, ipuinak edota bizimodua urrian zehar Gerediaga Elkarteak antolatutako jarduera programaren protagonistak izango dira. Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan, hamar udalerritan burutuko dira ekimenak erakunde eta eragile ezberdinen parte hartzearekin.

Urriko asteburuetan izango dira ekitaldiak, eta Izurtzako Etxaburutorreko bisita izan ezik, euskaraz egingo dira guztiak, zehaztu dutenez.

Doako ekitaldiak dira, eta gastronomia horietako askoren osagarri izango da, gaztainak, txokolate edota tostadak dastatzeko aukera izango baita.

Garai, Abadiño, Berriz, Atxondo, Otxandio, Zaldibar, Iurreta, Mallabia, Mañaria eta Izurtzako udalen laguntza du ekimenak, eta Abadiñokoak Bizkaiko Batzar Nagusien babesa ere badu.

Errituak eta ohiturak, Garain

Garain izango da lehen hitzordua irailaren 30ean, errituak eta ohiturak aztertzeari dedikatuta. Juan Mari Totorikak eta Lazaro Milikuak gidatuko dute bertan egingo den ibilbidea. Lurrari oso lotuta, «antzina prozesioak eta letaniak egiten ziren uzta eta eguraldi ona eskatzeko, ekaitzak uxatzeko… eta oraindik ere mantentzen dituzte orduko ohitura batzuk», aipatu dute aurrerapen gisa.

Nekazaritza eta berari lotutako ogibideak mintzagai izango dituzte Abadiñon, urriaren 1ean, Leire Milikua Larramendiren, Alazne Intxauspe Elolaren eta Leire Ayala Mazorriagaren parte hartzearekin.

Berrizen, dantzari dedikatuko diote urriko lehen larunbata. Hitzaldia eta ikastaroa egingo dituzte, Berrizko San Pedro jaietan dantzariek edaten duten pontxea dastatzeko aukera eskaintzeaz gain. «Pontxe horren errezeta sekretua da eta udaletxean dago gordeta», azaldu dute Gerediagatik.

‘Anbotoko Mariren altzoan’ izenburuko ibilbide gidatua egingo dute Atxondon, urriaren 8an, garai bateko siniskerak, ipuin eta pasadizuak gogoratuz.

‘Akelarretik txitxiburduntzira’ hitzaldia, kantaldia eta txitxiburduntzia dastatzea iragarri dute urriaren 14rako Otxandion, ‘Sorginen prestaketak’ ibilbidea eta tailerra egingo dute 15ean Zaldibarren, eta ‘Kanpaiak eta esnahiak’ izango dira aztergai Iurretan, 21ean.

Mallabian, bestalde, lanbide zaharrak ekarriko dituzte gogora 22an, ipuin irakurketa eta txokolate dastatzea izango da Mañarian, 28an, eta Izurtzako ‘Erdi Aroan jaten’ hitzaldiak itxiko du programazioa 29an.