GAUR8

1,5 milioi euroko beka jaso du Daniel Reta ikertzaileak, medikamenduen diseinuan aplikagarria izan daitekeen ikerketa garatzeko

Medikamentuen diseinuan, propietate optiko molekularren arloan zein spintronikan (elektroiaren spina eta haren propietate magnetikoen inguruko teknologia) aplikagarria izan daitekeen ikerketa burutzeko 1,5 milioi euroko beka jaso du Daniel Reta EHUko Ikerbasque ikertzaileak.

Irudian, Daniel Reta ikertzailea.
Irudian, Daniel Reta ikertzailea. (Ikerbasque)

EHUko Kimika Fakultateko Ikerbasque ikertzaileak eta Donostia International Physics Center Zentrora atxikiak Europako Batasuneko ERC Starting Grants beka jaso du. Europan ospe handia duen laguntza horri esker 1,5 milioi euro jasoko du propietate magnetikoak molekula organikoetan sartzeko moduak ezartzeko eta horrek medikamentuen diseinuan, propietate optiko molekularren arloan zein spintronikan izan ditzaketen apilikazioak aztertzeko.

«Laguntza horri esker, bitarteko tekniko eta material guztiak izango ditut nire ikerketa gauzatzeko, mugarik gabe. Gainera, Starting Grant bekarekin lortutako ospeak posizio pribilegiatuan jartzen nau talentua erakartzeko eta diziplina askotako talde bat osatu ahal izateko, horrelako taldea sortzea beharrezkoa baita nire proiektua gauzatzeko; bestela, ezingo nukeen lortu», azaldu du Daniel Retak.

Starting Grant Bekek 1,5 milioi euro arte ematen dute bost urterako, baina beste milioi bat euro eska daiteke Europako Batasuneko herrialde batean edo «herrialde atxiki batera lekualdatzen diren ikertzaileen gastuak ordaintzeko eta/edo ekipamendu garrantzitsua erosteko», zehaztu dute EHUko iturriek.

«Gaur egun molekula magnetikoak eskuratzeko modu ohikoenak metalekin edo lur arraroko elementuekin koordinatutako kimika baliatzen du, eta konponbide berritzaileak eskaintzen jarraitzen du askotariko arloetan, hala nola erresonantzia magnetikoa edo konputazio kuantikoa», planteatu du Retak.

Gutxiago aztertutako bide bat

Badago, halere, gutxiago aztertuta dagoen baina propietate funtsean berriak eta beste metodo batzuekin eskuraezinak eskaintzen dituen aukera bat molekula organikoak baliatuz, «hau da, metalik gabeak eta karbonoa, nitrogenoa edo antzeko elementuren batean oinarrituta daudenak».

Ikertzailearen azalpena jarraituz, erradikal deitzen zaie propietate magnetikoak dituzten molekula organikoei, «ezohiko propietateen adierazpen argia», eta horiek sortzeko metodoa gakoetako bat da.

Retaren ‘RadicalProtOn’ ikerketa lanak «diradikalak familia handi batean sortzeko modu berritzaile eta erraza proposatzen du eta iradokitzen du erradikalen bidezko propietate atxikiek beren ekintza biologikoan orain arte oharkabean izan den zeregina dutela».

«Hipotesi hori baliozkotzeko eta duen potentzia eraldatzailea ustiatzeko, proiektua bi lerro nagusiren inguruan egituratzen da: lehenengoak ezarriko du zeintzuk diren diradikalaren eraketa ahalbidetzen duten osagai molekularrak, eta, horri esker, prozesua funtsean ulertuko da; bigarrenak, berriz, aztertuko du erradikalen bidezko izaera horrek nola eragiten dion molekulen erreaktibotasun kimikoari beren zeregina gauzatzen duten ingurune biologikoan, ekintza mekanismo berriak ezartze aldera eta horien eratorrien propietateak hobetze aldera», zehaztu du.