GAUR8

Gaixoa «lasaitzea» eta informatzea helburu dituen giza papilomaren birusari buruzko lan bat plazaratu dute

Papilomabirusak (GPB) eta zerbixeko minbiziak eragindako lesioei buruzko informazio, diagnostiko, jarraipen, tratamendu eta prebentzio prozesu osoa jorratzen duen saiakera argitaratu du Juan Manuel Marin EHUko irakasleak. Era errazean idatzia, ahal den neurrian emakumeen begiradatik landuta dagoela azpimarratu dute.

Juan Manuel Marin ginekologoa eta EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakaslea.
Juan Manuel Marin ginekologoa eta EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakaslea. (UPV/EHU)

Juan Manuel Marin ginekologo gasteiztarra eta EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasleak ‘Sin miedo al virus del papiloma’ giza papilomari buruzko saiakera argitaratu berri du.

Gaixotasuna pairatzen duten lagunentzat egina, beldurra uxatu, informazioa eman eta diagnostikoarekin abiatzen den prozesuaren alde praktikoa jorratzen du lanak, esperientzia pertsonalak baliatuz.

Giza papilomaren birusak (GPB) sexu transmisiozko infekzioen arteko ohikoena da, eta umetoki lepoko minbizia eragiten du. Infekzioa duen pertsona batekin hartu daiteke, baginatik, uzkitik, ahotik edo genitalen kontaktu estuarekin babesik gabeko sexu harremanetan. Ez du sintomarik izaten eta zaila da analitikaren bidez detektatzea, azaldu dutenez. «Hala ere, kasuen %80 baino gehiagotan iragankorrra da eta birusa berez ezabatzen da», zehaztu du unibertsitateak ohar batean.

Liburu praktikoa

«Liburu praktikoa da», pazienteak «lasaitu nahi dituena», askotan «informazio falta eta karga emozional handia» izaten baitute. Marinen lanaren lehen zatiak Marta pazientearen kasua azaltzen du, eta oinarrizko datuak jorratzen ditu: «zer den birus bat, zergatik duen gaitasun onkogenikoa, zein arrunta den papilomabirusak eragindako infekzioa, nola sortzen den jasotako informazioa eta nola interpretatzen diren zitologiaren emaitzak».

Nabarmendu duenez, era errazean idatzita dago eta inmunitatea hobetzeko irtenbide ez farmakologikoak ere aipazten ditu. «Testua zorrotza da GPBren azken ezagutzekin. Aldi berean, ikuspegi adeitsuarekin hurbiltzen da gara» eta «egileak ahal duen neurrian» emakumeen begiradatik, azaldu dute EHUko iturriek.