GAUR8

CIC energiGUNEko bost ikertzaile munduko garrantzitsuenetakoen artean daude, Stanfordeko Unibertsitateko zerrendaren arabera

Esparru zientifikoan nazioartean erreferentzia den ‘Ranking of the World Scientists’ sailkapenak CIC energiGUNE zentroko bost ikertzaile aipatzen ditu munduko garrantzitsuenen artean. Stanfordeko Unibertsitateak eta Elsevier argitaletxe akademikoak argitaratzen dute zerrenda.

Arabako ikerketa zentroko bost ikertzaile aipatzen dira mundu mailako rankingean.
Arabako ikerketa zentroko bost ikertzaile aipatzen dira mundu mailako rankingean. (Jon HERNAEZ | FOKU)

CIC energiGUNE energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa zentroak mundu osoko bost ikertzaile garrantzitsuenetakoak ditu, Stanfordeko Unibertsitateak eta Elsevier argitaletxe akademikoak egindako ‘Ranking of the World Scientists’ sailkapenaren arabera.

Arabako Parke Teknologikoan kokatutako zentrotik jakitera eman dutenez, zerrenda duela gutxi argitaratu da, eta 2022an garatutako jarduera zientifikoari buruzko informazioa jasotzen du.

Esparru zientifikoan nazioarteko erreferentzia nagusitzat jotzen den argitalpenaren arabera, Michel Armand irakaslea EAEko ikertzailerik garrantzitsuena da berriro, adar zientifiko guztiak kontuan hartuta, eta Estatu mailako laugarrena. CIC energiGUNEko elektrokimika arloko ohorezko zuzendari zientifikoa den Armand irakaslea da EAEko eta Estatu espainoleko ikertzailerik garrantzitsuena energiaren arloan, eta 12.a mundu mailan.

Era berean, hirugarren urtez jarraian, Elena Palomo CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoko zuzendari zientifikoa da Ingeniaritza Mekanikoaren eta Garraioaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eragin handiena duena, eta Estatuko seigarrena.

Energiaren arloan, Armandez gain, Montse Casas-Cabanas Biltegiratze Elektrokimikoko koordinatzaile zientifiko eta Ikerbasque Research Associate ere zerrendan dago, arlo horretan EAEn eragin handiena duten ikertzaileen hamargarren postuan.

Fisika Aplikatuaren esparruan, bestalde, erreferentziazko bi ikerlari ditu CIC energiGUNEk: Javier Carrasco Fisika Kimikoaren arloan eragin handiena duen bosgarren ikertzailea da EAEn, eta lurraldeko 60 ikertzaile garrantzitsuenetakoa, adar zientifiko guztiak kontuan hartuta; Yarik Grosu Fenomeno Interfazialen eta Medio Porotsuen taldeburua Euskadiko 14.a da Fisika Aplikatuaren arloan eragin handiena dutenen artean.

Argitaratutako ikerketen arabera

Stanford Unibertsitatearen eta Elsevier argitaletxe akademikoaren ‘Ranking of the World Scientists’ zerrenda argitaratutako ikerketen eraginaren arabera egiten da, hainbat faktore kontuan hartuta, hala nola egilekidetza edo autoaipamenen ehunekoa, eta indexatutako argitalpen zientifikoen eraginarekin zuzenean lotutako parametro normalizatu batzuen analisia. Azterlanak profesionalen ibilbide profesional historikoaren ikuspegia ematen du, baita aztertutako azken urtean egindako lan espezifikoarena ere, kasu honetan, 2022an.

Zehazki, zerrenda bi zatitan banatuta dago. Alde batetik, 2022ko analisiaren emaitza dago. Bertan, munduko 210.000 ikertzaile baino gehiago aipatzen dira (20.500 zentrotan baino gehiagotan banatuta), 3.737 Estatu mailan (504 zentrotan) eta 164 EAE mailan.