GAUR 8
Gaur X urte

Abebe Bikila, oinutsik korrika egin zuen afrikar heroia

Afrikako lehen heroi modernoa etiopiarra zen. Abebe Bikila korrikalariak 1960ko Joko Olinpikoetan Afrikarako lehen urrea lortu zuen, maratoia oinutsik korrika egin ondoren. Munduko errekorra hautsi egin zuen orduan; lau urte beranduago, Tokion garaipena errepikatu zuen. Gaur 50 urte bete dira hil zenetik.

Abebe Bikila, 1968an Amsterdamen ateratako argazkian.
Abebe Bikila, 1968an Amsterdamen ateratako argazkian. (WIKIPEDIA)

1960ko irailaren 10ean, Abebe Bikila etiopiarrak historia egin zuen maratoi olinpiko bat irabazi zuen Saharaz hegoaldeko Afrikako lehen gizona bihurtu zenean. Garaipena berezia izan zen oso, ikusgarria, emozioz beteta: oinutsik korrika egin zuen eta.

Erroman jokatuko ziren Joko Olinpikoetan lehiatzeko Bikilak zapatila berriak erosi zituen, baina babak atera zitzaizkion. Orduan, oinutsik korrika egitea erabaki zuen, udako bero erromatarra bere kontra zuen arren. Rhadi ben Abdesselam marokoarra izan zuen lehiakide nagusia eta, lasterketako azken 500 metrotan, esprintatuz aurreratu zuen Abebe Bikilak.

Lasterketa irabazteaz gain, munduko errekorra hautsi zuen, 2:15:16.2 denborarekin.

Abebe Bikila (Jato, Amhara, 1932ko abuztuaren 7a - Addis Abeba, 1973ko urriaren 25a) Etiopiako herrixka bateko ahuntzain baten semea zen. 17 urterekin Addis Abebara joan eta Haile Selassieren Guardia Inperialean sartu zen. Korrikan berandu hasi arren, Onni Niskanen suediar prestatzailearen laguntzaren, 1960ko Olinpiar Jokoetako maratoian aritzeko entrenatu zen.

Garaipenaren ondoren eta Etiopiara itzultzean, Haile Selassie enperadoreak Etiopiako Izarra ezarri zion. Eta Bikilak historia egin zuen berriro, 1964 urteko Tokioko Olinpiadetan, berriz Urrea irabazi zuenean. Hori bai, zapatilak zeramatzan.

Hala, diziplina horretan urre olinpikoa mantentzea lortu zuen lehen atleta bihurtu zen, eta, gainera, berriro hautsi zuen denbora-errekorra. Bere kirol-ibilbidean, beste hamabi lehiaketa irabazi zituen.

Zoritxarrez, 1969an izan zuen auto-istripu baten eraginez, paraplejiko gelditu zen. Gorputzaren goiko aldearen mugikortasuna berreskuratzea lortu zuen, baina ez zen gehiago ibiltzeko gai izan. «Gizon arrakastatsuek ezagutzen dute tragedia. Joko Olinpikoetan irabaztea Jainkoaren nahia izan zen, eta Jainkoaren nahia izan da ere istripua izatea. Garaipen horiek onartzen ditut eta tragedia hau onartzen dut ere. Bi egoera hauek bizitzaren gertaerak legez barneratu behar ditut eta zoriontsu bizi», esan zuen orduan.

Municheko Jokoetara gonbidatu zuten, eta gurpil-aulkitik ikusi zituen. Irudia ere, hunkigarria oso. Urtebete geroago, istripuaren ondorioek eragindako garuneko hemorragia baten ondorioz hil zen Abebe Bikila.