Amaia Ereñaga
Gaur X urte

Miguel Gallastegi pilotari mitikoa orain bost urte joan zitzaigun

101 urte betetzear zegoenean, orain bost urte hil zen Miguel Gallastegi Ariznabarreta pilotari eibartar handia. Gizon dotorea, atzelari indartsua, emaitza bikainak lortu zituen kantxaren gainean eta denboraren poderioz kirol honen mitoa bilakatu zen.

2014an, Miguel Gallastegi Donostiako afizionatuen pilota txapelketako semifinaletan.
2014an, Miguel Gallastegi Donostiako afizionatuen pilota txapelketako semifinaletan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Miguel Gallastegui Ariznabarretak (Eibar, 1918ko otsailaren 25 - Donostia, 2019ko urtarrilaren 4), hiru aldiz buruz buruko txapela irabazitako pilotariak, aro berezia markatu zuen esku pilotaren historian eta Atano III.aren tokia hartu zuen modalitatearen gailurrean.

Garai bateko pilotaren munduko azken ordezkaria zen. 2011 urtean GARAri eskaini zion elkarrizketan, pixka bat ezkor agertzen zen: «Guk ezagutu genuen esku-pilota hil egin da –zioen–. Lehen pilotariek gailentzen zuen pilota bera, eta orain pilota da nagusitzen dena. Pilota sakratua zen. Bestalde, ikuslegoari dagokionez, jendea mezan egongo balitz bezala esertzen zen frontoian, eta arreta handiz jarraitzen zuen, ez orain bezala, oihu egiten delako edonon. Eta ez da ezer entzuten».

Eibarko Mandiola bailarako Asoliartza baserrian etorri zen mundura pilotaren historiak eman duen pilotari handienetakoa izango zena. Miguelen gurasoak, Pablo eta Ceferina, nekazaritzatik bizi ziren eta hiru anai arrebetan, Justo eta Josefina, gazteena zen. Migueli ere baserriko lanetan laguntzea egokitu zitzaion; lan haiek emango zioten ziurrenik gero pilotan erakutsi zuen indarra.

Lehenengo partidak Astelenan jokatu zituen C.D. Eibarrek antolatutako txapelketetan eta 18 urterekin, 1936ko ekainean, egin zuen debuta profesionaletan, horren kuttun duen Eibarko Astelena pilotalekuan. 1937. urtean gerra hasi eta soldadu sartu zen Amuategi batailoian. Bando frankistan aritu zen ondoren.

Gaixotu eta Gasteizko ospitale militarrera eraman zuten. Osatu orduko lagunarteko partidak jokatzen hasi eta izena hartu zuen Gasteizko pilotazaleen artean. 1941. urtean txapeldun-orde izan zen Atano III.rekin batera, antolatu zen lehenengo binakako txapelketan.

Buruz burukoan debuta 1942an egin zuen. Finalerdiak Bilbon, Atano VII.aren kontra (22-20) galdu aurretik Txikito de Mallabia (22-16), Txikito de Iraeta (22-18) eta Ubilla menperatu zituen. Urte hartan bertan garaipen handi bat lortu zuen Astelenan Atano III.ri 22 eta 16 irabazita. Garaipen horrek izen handia eman zion.

Hurrengo urtean Miguelen jokoak gorakada nabarmena jasan zuen eta, 1944. urtea, 22 eta 0 irabazi zion Groseko pilotalekuan Zurdo de Mondragoni, txapelketatik kanpo utzi zuelarik. 1945. urtean errekorra jarri zuen 104 partidu jokatuta. 1946ean 101 partidu jokatu zituen 10 hilabetetan, 72 partidu irabazi eta 29 baino ez galdu.

1946. urtean buruz burukoan parte ez hartzea erabaki eta 1947an berriz ere Atano IIIa hartu zuen mendean, 22 eta 9. 1948ko azaroaren 28an Bergarako pilotalekuan irabazi zuen lehenengo txapelketa, Atano III.ren gailentasuna 22 eta 6ko tanteoarekin hautsi ondoren. Astelenan jokatu zen finalerdian 22 eta 20 irabazi zion Akarregiri.

Jose Luis Akarregiren kontra berritu zituen hurrengo bi urteetako txapelak Astelenan (22-15) eta Bergaran (22-14) irabaziz hurrenez hurren, emozio eta joku ikusgarriko bi finaletan. 1953.urtean, duintasunez,  Barberito bere lagunaren kontrako finala ez jokatzea erabaki zuen.

Txapelketatik kanpo jarraitu zuen Miguelek bere bidea, estatuko frontoietan garaipen handiak lortuz. Aipatzekoak dira baita ere frantziar frontoi irekitan lortutako garaipenak. 1960. urtean pilotari profesionala izateari utzi zionean, bere bizitza profesionala enpresekin erlazionatuta egon zen; zinemak eta antzerkiak, eraikuntza, nekazaritza eta abeltzaintza.

1998ko azaroaren 28an, Atanoren kontrako lehen txapelaren 50. urteurrenean omenaldi beroa eskaini zion bere jaioterriak. Omenaldi hunkigarri hartan Eibarko herriak Miguelek pilotari bezala eskainitako guztia eskertu ahal izan zion. Eta 2004. urtean ere, Astelena pilotalekuaren mendeurrena ospatu zenean, ospakizunak zuzendu zituen taldean aritu zen. Bera izan zen, sakearen zozketa egin zuena, koloredun txapa airera botaz. Astelenan elkartu zen jendetzak txalo zaparrada bero bat eskaini zion orduan ere.