GAUR8
Gaur X urte

Gaur duela 27 urte sortu zen Nahikari Garcia futbolaria

27 urte beteko ditu gaur Nahikari Garcia Athletic-eko aurrelariak. Umetatik hasi zen futbolean lehiatzen, eta ibilbide oparoa izan du urnietarrak.

Nahikari Garcia, San Mamesen.
Nahikari Garcia, San Mamesen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gaur 27 urte sortu zen Nahikari Garcia futbolari urnietarra, 1997ko martxoaren 10ean. Gaur egun Athletic-en lehen taldean ari da aurrelari bezala jokatzen, baina ibilbide oparoa izan du.

Añorgako Kirol Elkartearen futbol taldean hasi zen, soilik 9 urte zituela. 2013/14 denboraldiko neguko merkatuan, baina, Realak fitxatu zuen, 16 urte besterik ez zituenean. Urtarrilaren 5ean, taldean hasi eta egun gutxira, Lehen Mailan debuta egin zuen Unai Gazpio entrenatzailea zenean. Levante Union Deportiva taldearen aurka jokatu zituen partidaren 90 minutuak. Lehen denboraldia 10 golekin itxi zuen.

Hurrengo denboraldian, Realeko jokalari batek inoiz egin dituen gol-kopuruen marka hautsi zuen Nahikari Garciak, 16 gol eginda. Denboraldi ona amaitzeko, une aipagarriak izan zituen; besteak beste, Athleticen aurka lortutako golarena eta Levanteren aurkako hirukoitza.

Lehen Mailako sailkapeneko bosgarren postura egin zuen orduan Realak, eta hori izan zen klubaren mailarik altuena 2004an sortu zenetik. Denboraldi horretan, Reala Kopako final-laurdenetara iritsi zen, nahiz eta Bartzelonak kanporatu zuen 5-1 irabazita. Partida horretan, Nahikarik bere taldeko gol bakarra sartu zuen. Denboraldi horretan, Lehen Mailako denboraldiko aurrelari onenaren sarirako izendatu zuten.

Realean une gorena 2019ko maiatzaren 11n iritsi zitzaion, Kopa irabazita klubaren lehen titulua lortu zuelako Granadan, Nuevo Los Carmenes estadioan. Aurkaria Atletico Madril izan zen eta Reala suertatu zen garaile, 2-1 emaitzarekin. Nahikari izan zen protagonista nagusietako bat, Realari Kopa eman zion gola sartu zuelako 61. minutuan.

Txanponaren beste aurpegia 2020-21 denboraldian ezagutu zuen. Orkatilan lesioa izan zuen, Realatik joateko gogoa azaldu zuen nahiz eta taldeak onartu ez, Natalia Arroyorekin ez zuen askorik jokatu...

Azkenean, 2021eko uztailaren 1ean, Real Madrilek Nahikariren fitxaketa ofizial egin zuen hurrengo bi denboraldietarako. Txapeldunen Ligako taldeen faserako sarbidea lortu zuten, Manchesterren aurreko partidak irabazi ondoren.

Iazko denboraldian, Real Madril utzi zuen Athletic-eko izarretako bat bilakatzeko.