GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez hil zen Teresa Pamies idazle eta ekintzaile katalana

2012ko martxoaren 13an hil zen Teresa Pamies idazle eta ekintzaile katalana. Bizitzaren zati handiena erbestean eman behar izan zuen, Espainiako bigarren errepublikan zehar agertutako konpromiso politikoagatik eta Granadan zendu zen 92 urterekin.

Teresa Pamies.
Teresa Pamies. (Wikimedia Commons)

La Noguera eskualdeko Balaguer herrian jaio zen 1919an. Bloc Obrer i Camperoleko tokiko buruzagi Tomas Pamiesen alaba zen eta 17 urte zituela, 36ko gerra hasita, Bartzelonako Plaza Monumentalean mitin batean parte hartu zuen, eta 1937an Joventuts Socialistes Unificades de Catalunyan (JSUC) sartu zen. Aliança Nacional de la Dona Joveren (1937-1939) sorreran ere parte hartu zuen eta Juliol buletinean idatzi zuen.

Gerra bukatutakoan, aitarekin erbestera joan zen, ama eta anai-arrebak Balaguerren utzita. Vallcarcako (Bartzelona) Ospitaleko zaurituak bertan utzi izanaren oroitzapena, inoiz ahaztu ez zuena, 1974an argitaratu zuen ‘Quan erem capitans’ liburuan jasota.

19 urterekin heldu zen Limogesetik gertu dagoen Magnac-Laval errefuxiatu-gunera. Bertan eskola baten sorreran parte hartu zuen, PSUCen laguntzarekin ihes egitea lortu zuen arte. Nazien okupazioaren aurreko Parisen hiru hilabetez La Roquetten preso eduki zuten, agiririk gabea izateagatik. Askatu ondoren, Bordelera joan zen Rafael Leonidas Trujilloren Dominikar Errepublikara zihoazen errepublikanoekin bat egitera.

Ondoren, Kubara joan zen, eta han Lluis Companys presidente katalanaren fusilamenduaren berri izan zuen, eta Mexikora joan zen. Bertan bizi izan zen zortzi urtez, eta kazetaritza ikasi zuen Emakumeentzako Unibertsitatean. 1947an Europara itzultzea lortu zuen, lehenengo urtebetea Belgradon eman zuen Radio Belgraden lanean eta, gero, hamabi urte Txekoslovakian.

Txekoslovakiako Errepublika Sozialistan Radio Pragaren katalanezko eta gaztelaniazko emanaldien erredaktore gisa lan egin zuen. Erbestetik Kataluniako Serra d 'Or eta Oriflama aldizkarietan kolaboratu zuen.

1971n Kataluniara itzuli zen, aitarekin batera idatzitako ‘Testament a Praga’ liburuagatik Josep Pla Saria jasotzeko bisa bati esker. 2012an hil zen gaurko egun batez, 92 urte zituela, Antonio semearen etxean, Granadan.