GAUR8

Gailuen erabilera ikasgeletan eta kirol ‘burnout’-a aztertuko dituzte 150 psikologo baino gehiagok Bilbon

Hezkuntza Psikologiari buruzko II. Zikloa eta Kirol Psikologiari buruzko IV. Jardunaldia ospatuko dira egunotan Bilbon, 150 profesional baino gehiagoren parte hartzearekin. Herritarrei eta profesionalei irekita, gailu elektronikoen erabilera ikasgeletan eta kirol ‘burnout’-a izango dira topaketen gai nagusiak.

Kirol ‘burnout’-a prebenitzeko eta kudeatzeko tresnetan sakonduko nahi du topaketa batek.
Kirol ‘burnout’-a prebenitzeko eta kudeatzeko tresnetan sakonduko nahi du topaketa batek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Psikologiaren arloko 150 profesional baino gehiagok ikasgeletan gailu elektronikoen erabilera eta kirol ‘burnout’ fenomenoa (kirol jardunak eragindako estresa) aztertuko dituzte aste honetan, asteazkenean eta ostegunean, Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak Bilbon antolatutako bi zikloetan.

Zehazki, martxoaren 20an, asteazkenarekin, Deustuko Unibertsitateko auditorioan Hezkuntza Psikologiari buruzko II. Jardunaldien Zikloa izango da, eta ostegunean, martxoaren 21ean, Kirol Etxean, Kirol Psikologiari buruzko IV. Jardunaldia.

Lehenengo hitzordua, Hezkuntza Psikologiako Jardunaldien II. Zikloa, 09.15etik 14.00etara izango da, Deustuko Unibertsitateko auditorioan. Bertan, ikastetxeetan gailu elektronikoen, adimen artifizialaren eta beste tresna digital batzuen erabilera landuko da, betiere Hezkuntza Psikologiaren ikuspegitik.

Jardunaldia hezkuntza-sistemako profesionalentzat, hezkuntza-arloarekin lotutako titulazioak dituzten unibertsitate-ikasleentzat, interesa duten elkargokideentzat, familientzat eta hezkuntza-arloko elkarteentzat izango da, eta gailu digitalak ikasgeletan inplementatzea eta psikologiak adimen artifizialaren eta beste tresna digital batzuen aurrean duen zeregina aztertuko du.

Gainera, mahai-inguru baten bidez, ikasgeletan teknologien erabilerari buruz dauden ikuspegiak jorratuko dira, baita ikasleekin tresna horiek erabiltzeko moduari buruzko aholku laburrak eskaini ere. Joan nahi duenak COP Bizkaiaren webgunean eman dezake izena.

Era berean, Kirol Psikologiari buruzko IV. Jardunaldia ostegun arratsaldean egingo da, 17.00etatik 20.30era, eta kirol ‘burnout’-aren esparruan egiten dituen ekarpenak ikusarazten saiatuko da.

Hitzordua Kirol Etxean izango da, eta herritarrei irekita egongo da aldez aurretik izena emanda. Laugarren edizio honetan jardunaldiak ‘burnout’-a prebenitzeko eta kudeatzeko tresnak eskainiko dizkie bertaratutakoei, beti ere kirolaren psikologiaren ikuspuntutik.