GAUR8

Antxus protagonista duen ‘3 Ene Kantak’ saioak agur esango die ikusleei larunbatean

Antxus protagonista izan duten ‘3 Ene Kantak’-en abenturek azken saioa izango dute larunbatean ETB3an. Bost denboralditan zehar pantailan egon den proiektuaren ondoren, maiatza hasieran ezagutzera emango duten beste egitasmo bat dago bidean.

Irudian, Antxus ezaguna protagonista duen ‘3 Ene Kantak’ saioak utzitako uneetako bat.
Irudian, Antxus ezaguna protagonista duen ‘3 Ene Kantak’ saioak utzitako uneetako bat. (Ene Kantak)

«Agur Antxus» zuzen batekin iragarri dute ‘3 Ene Kantak’-en sortzaileek haurrentzako saio horrek azken emanaldia izango duela ETB3an, larunbatean.

Ohar batean gogoratu dute saioko arduradunek bost denboraldi egin dituela Antxus protagonista duen saioak antenan, «75 abesti berri, 600 saiotik gora eta hamaika abentura» utziz. Zehaztu dutenez, hilaren 23an azken saioa emitituko dute ETB3an.

«Plazer handia izan da zu ezagutzea eta zurekin bizi izandako guztia, eta abentura itzel hau posible egin duten lagun guztiekin bidea egitea. Segi hegan egiten, Antxus, guk gure abestiekin jarraituko dugu euskara ilargiraino iritsi arte», adierazi dute sortzaileek agur-mezuan.

Hala ere, eta berez agurra bada ere, iragarpena ere badauka azken mezu horrek, ‘3Ene Kantak’-en atzetik beste proiektu bat datorrela zehaztu baitute. Maiatza hasieran emango dute ezagutzera egitasmo berri hori, eta orduan aktibatuko dute «proiektu berrian lagundu ahal izateko kanpaina».

«Euskara maite baduzu eta gure seme alabei lekukoa pasa nahi badiezu, inoiz baino gehiago behar zaitugu. Mantendu euskararen sua», azpimarratu dute sortzaileek, eta esker ona adierazi diote saioa posible egin duen talde guztiari, ibilbidean zehar ondoan izandako profesionalen izenak zerrendatuz.