Iñaki Leturia: «Uste dut Teknopolisek mundua hobea egin duela urte hauetan»

Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten Teknopolis saioak 25 urte bete ditu. Iñaki Leturia aurkezlearekin izan gara mende laurdeneko ibilbidea errepasatzeko, bihar osorik argitaratuko dugun elkarrizketa batean.

Euskal Telebistako Teknopolis saioak 25 urte bete ditu. 1999ko otsailean emititu zen lehen aldiz, Pilar Kaltzada aurkezle zela, eta geroztik mende laurden egin du ETBko programazioan etenik gabe. Iñaki Leturiarekin (Ormaiztegi, 1970), azken urteotako aurkezlearekin, izan gara ibilbide hori aztertzen, nahiz eta talde osoaren lana nabarmendu nahi izan duen.

«Nik uste ospatu beharreko zerbait dela. 25 urte asko dira, telebistan are gehiago. Espezie arraroa garela esan liteke, ez direlako asko telebista munduan 25 urte betetzen dituzten proiektuak. Sekretua zein den galdetzen didatenean, beti nabarmentzen dut ez gaudela bakarrik. Atzean jende asko dugu, babesleak, Teknopolisen familia deitzen diogun hori, 25 urte hauetan bidelagun izan ditugunak. Lan taldea ere bai. Ni agertzen naiz, niri tokatzen zait aurpegia ematea telebistan, baina jende askoren lanak egiten du posible astero-astero Teknopolis. Horren guztiaren emaitza da 25. urteurren hau», nabarmendu du Leturiak bihar argitaratuko dugun elkarrizketan.

«Gu duela 25 urte hasi zirenen oinordekoak gara. Ni hasiera hartan ez nengoen. Zehazki 14 urte daramatzat Teknopolisen lanean, ia 10 aurkezle lanetan, baina aspalditik datorren lan bat da. Badirudi zientzia eta telebista ez direla ongi ezkontzen, baina guk frogatu dugu posible dela. Gustatzen zait aipatzea Elhuyarren leloa zein den, “ezagutuz aldatzea”. Eta gu ere erabat lerratzen gara lelo horrekin. Teknopolisek urte hauetan egin duena horixe da, jendeari ezagutza erremintak eman gizarte kritiko bat sortzeko. Baina lan horretan ez dugu ahaztu behar jendea entretenitu ere egin behar dela. Nagore Rementeriak aurkezpen batean esaten zuen ikasteak, ezagutza eskuratzeak, plazera ematen duela. Frogatuta dago endorfinak eta horrelako hormonak jariatzen ditugula. 25 urte hauetan jendeari plazer hori eman diogu. Beti esaten dut: Teknopolis ikusten duzun bakoitzean, zerbait ikasten duzu. Ez da gutxi», gaineratu du.