GAUR8

Tenperatura igoerak makroalgen komunitateetan eragin dituen aldaketak aztertu ditu ikerketa batek

EHUko ikerketa talde batek itsasoaren tenperatura igoerak makroalgen komunitatetan dituen ondorioak aztertu ditu. Ikusi dutenez, funtzio ekologiko nabarmena duten espezie batzuk urritzen doaz, organismo eta animalentzako funtsezko habitatak direnak.

Irudian, Olatz Arriaga ikerketan parte hartu duen biologoa.
Irudian, Olatz Arriaga ikerketan parte hartu duen biologoa. (Fernando GOMEZ | UPV/EHU)

Itsasoaren gainazalaren tenperatura igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa batek, eta zenbait aldaketa ondorioztatu ditu: «afinitate hotzeko espezieak» gero eta urriagoak dira, afinitate berokoak ugaritu diren bitartean. Ohartarazi dutenez, horrek ondorioak ditu hainbat funtzio ekologikotan.

EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeak egin du azterketa Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroarekin batera, Bizkaiko kostaldeko eremu bateko makroalgen komunitateak azken 40 urteetan izandako aldaketak ikertzeko. Argitu dutenez, «mugitzen ez diren eta tenperaturarekiko sentikorrak diren organismo bereziki zaurgarriak» dira makroalgak.

Planetaren tenperatura abiadura bizian igotzen ari den honetan, itsasoak gehiegizko berotasunaren %90 xurgatzen duela gogoratu du EHUk. Berotze hori, gainera, toki batzuetan besteetan baino agerikoa dela zehaztu du.

Ikerketan parte hartu duen Olatz Arriaga Telleria biologoaren esanetan, azterketak garrantzi handia dauka mikroalgek tenperatura igoeraren aurrean nola erantzuten duten aztertzea garrantzitsua baita biodibertistatearen kontserbaziorako.

Nabarmendu duenez, makroalgek «ezinbesteko rolak dituzte ekosistemetan». Ikerketari esker ikusi dute afinitate beroko espezieak areagotu egin direla, afinitate hotzekoak gero eta gutxiago diren bitartean.

Horrek «aldaketa sakonak» dakartzala azpimarratu dute ikertzaileek, «izan ere, gehien urritu diren espezieak, ‘Gelidium corneum’ esaterako, egituratzaileak dira. Hau da, askotariko organismoentzako aterpe diren hiru dimentsiotako inguruneak sortzen dituzte. Bestelako alga, arrain, ornogabe eta abarrentzat habitat egokiak eratzen dituzte; besteak beste, elikagaiak topatzeko eta harrapakariengandik babesteko».

Funtzio ekologikoen galera

Espezie egituratzaileak murrizten joan ahala, ez dugu antzeman funtzio ekologiko garrantzitsu horiek ordezkatuko dituen beste espezierik, eta horrek komunitateen degradazioa dakar», azaldu du Arriagak. Zehaztu du, era berean, ugaritzen ari diren espezieak «txikiagoak eta morfologikoki sinpleagoak» direla.

Ikertzaileek ikusi dute, bestalde, makroalgen komunitateek «oso azkar» erantzuten dutela tenperatura aldaketen aurrean. Azken 40 urteetako eboluzioari erreparatuta, oharatarazi dute tenperatura igoera ez dela era homogeneoan gertatu: «nahiz eta joera orokorra goranzkoa izan, ikertutako azken tartean (2014-2020) tenperatura epelagoak erregistratu ziren».

Bada ikerketak erakutsi du sei urte horietan egituratzaileak diren espezieak berreskuratu direla sakonera handietan. Makroalgen erresilentzia itxaropen txiki bat pizten badu ere, itsasoaren tenperatura da aldaketaren eragile nagusia eta ez dirudi horren kontrola berehalakoan iritsiko denik.

Alde horretatik, beraz, ez dute etorkizun erraza ikusten, baina ikerketarekin jarraitzea eta monitorizazioak maiz egiteak lagundu dezakeela diote, portaera horiek hobeto ezagutzeko eta «zaurgarriak diren espezieen habitatak babesteko neurri proaktiboak hartzeko».

Horrekin lotuta, babesleku klimatikoak izateko potentziala duten inguruak identifikatzeak duen garrantzia nabarmendu dute.