GAUR8

‘Ipuin kontalariak auzoz auzo’ programa egingo dute Bilbon hilabete bukaerara arte

Apirilaren 30era arte ‘Ipuin kontalariak auzo auzo’ programa eramango du Bilboko Udalak hiriko zonalde ezberdinetara. Saio guztiak euskaraz izango dira, 18an izango den lehena izan ezik, ingelesez izango baita hori.

Bilboko auzoek ipuin zaporea hartuko dute hilabete bukaerara arte.
Bilboko auzoek ipuin zaporea hartuko dute hilabete bukaerara arte. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aste honetan bertan, ‘Ipuin kontalariak auzoz auzo’ programa jarriko du abian Bilboko Udalak, ipuinen kontaketaren bidez euskarazko irakurketa bultzatu nahi duen ekimena. Bilboko auzoetako liburutegi eta udaltegietan burutuko da esperientzia, apirilaren 18tik aurrera, egun horretan bertan Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen baita. Hilaren 30era arte iraungo du programaren lehen edizio hau.

Esan bezala, ipuin kontalariak dira programaren protagonista nagusiak. Haurrei zuzendutako ipuinak interpretatuko dituzte. Saio guztiak euskaraz izango dira, ostegunean Castañosko liburutegian egingo dena izan ezik, ingelesez izango baita saio hori.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, Altamirako udaltegian, Basurtuko liburutegian, Castañosko liburutegian, Uretamendiko udaltegian, Deustuko liburutegian, Masustegiko udaltegian, Irala, Otxarkoaga, Errekalde, Zurbaranbarri eta Ibaialdeko liburutegietan, Olabeagako udaltegian, Begoñako liburutegian, Barrainkuako udaltegian eta Santutxuko Campos plazan izango dira saioak.

Parte hartuko duten ipuin kontalariei dagokienez, Joxe Aldasoro, Maite Franko, Nerea Ariznabarreta, Ana Apika, Lur Usabiaga, Maider Alcelay, Izaskun Mujika, Ameli, Sorgina Txirulina, Rakel Imaz, Maren Basterretxea, Uxue Alkorta eta Bego Alabazan arituko dira.

Programazioak saio bakoitza zer adin tarteri zuzenduta dagoen zehazten du. Egitaraua Bilboko Udalaren webgunean dago eskuragarri.