GAUR8
Gaur X urte

Gaur 37 urte egin zuten lehen emanaldia Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoek

Gaur 37 urte ume aurrera agertu ziren lehenengoz Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoak, egun ezin ezagunago diren Pirritx, Porrotx eta MariMotots hirukoaren sorburu.

Pirrutx eta Porrotx Azpeitian, 1993ko abenduan.
Pirrutx eta Porrotx Azpeitian, 1993ko abenduan. (WIKIMEDIA)

Gaur egun Pirritx, Porrotx eta MariMotots diren arren, Takolo, Pirrutx –bai, Pirrutx– eta Porrotx ziren, lehenengoz, 1987ko abenduaren 24an, gaur 37 urte, Lasarte-Orian haurrei plazer eragitera agertu ziren pailazoak. Takoloren aurpegiko margoen atzean Agustin Mujika zegoen orduan, Pirrutx Patxi Sanzek gorpuztu zuen, eta Porrotx, berriz, Joxe Mari Agirretxek. Hirugarrena da, 37 urteren ondoren, hasierako taldean segitzen duen bakarra.

Pailazo gisa agertu aurretik, Lasarte-Oriako haurren artean euskara sustatzeko lanetan aritzen ziren Mujika eta Agirretxe, biak ala biak ‘Lasarte-Oria euskaldundu dezagun’ taldeko kideak. Herriko haurren %80ak A ereduan ikasten zuten orduan, eta hor eragin beharra zegoela sentitzen zuten.

Hala, gabonetan Olentzeroren etorrera, ordura arte soilik ikastolara iristen zena, herri osora zabaldu zuten. Agustinek gitarra hartuta, Joxe Marik egiten zuen Olentzerorena. 1987an, baina, formula berri bat probatu zuten harrak ez zitezen aspertu: Takolo, Pirrutx eta Porrotx sortuta, pailazoak sartu zituzten urte hartako abenduaren 24ko zituzten emanaldian.

Gaur Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezek gorpuzten dituzten Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo famatuek historia luzea dute, beraz, eta ibilbide oparoa: 37 urtetan, 39 disko eta 31 ikuskizun grabatu dituzte. Lehenengo musika diskoa 1992an egin zuten eta estreinakoz 1994an grabatu zuten beraien emanaldi bat.