Duela mende bat hil zen Fanny Bullock Workman alpinista aitzindaria
Fanny Bullock Workman geografo, kartografo, esploratzaile, bidaia idazle eta mendizale amerikarra izan zen, batez ere Himalaian. Lehenengotariko emakumezko alpinista profesionala izan zen, eta emakumeen eskubideak eta sufragioa sustatu zituen.

Worcesterren, Massachusettsen sortu zen Fanny Bullock Workman, 1859ko urtarrilaren 8an, sendi aberats baten baitan. Garaiko eskolarik onenetara joan zen eta Europan barna hainbat bidaia egin zituen.
Munduan zehar bidaiatu zuen William Hunter Workman senarrarekin batera. Suitza, Estatu frantsesa eta espainiarra, Italia, Aljeria eta India zeharkatu zituzten bizikletaz. Abentura bakoitzari buruzko liburuak idatzi zituen, bisitatutako lekuetako emakumeen egoera ere jasoz.
Gero Himalaiako mendebaldera eta Karakorum aldera jo, eta garaiera handiko alpinismoa egiten hasi ziren. Hurrengo hamalau urteetan zortzi aldiz itzuli ziren lurralde honetara.
Mendizaletasunerako ekipamendu modernorik ez bazuten ere, hainbat glaziar esploratu zituzten eta hamaika gailurretaraino heldu ziren. 7.000 metroko Pinnacle Peakera iristerakoan, emakumezkoen altuerako errekorra ezarri zuen Bullockek. Estatu Batuetan izan zuten aberastasunak eta pribilegioak ez zien jatorrizko biztanleria ulertzen lagundu, eta portatzaile fidagarrien zerbitzuak lortzeko zailtasunak izan zituzten.
Himalaiara egindako bidaien ostean, Bullockek bere esperientziari buruzko hitzaldiak eman zituen. Ohorezko domina ugari jaso zituen, eta bere garaiko mendizalerik garrantzitsuenetarikoa izan zen.
Gaixotasun luze baten ondoren 1925ean hil zen Cannesen, Estatu frantsesean, gaur ehun urte.
