Duela 105 urte hil zen Amedeo Modigliani margolaria
Amedeo Clemente Modigliani margolari eta eskultorea gaurko egunez zendu zen, duela 105 urte, Parisen. Sortzez italiarra zen, baina Estatu frantsesean egin zuen lan nagusiki. Ezagunak dira maskara itxurako bere aurpegiak eta forma luzexkak, estilo modernoan pintatuak.

Amedeo Clemente Modigliani gaur 105 urte hil zen, Parisen. Sortu, berriz, Italiako Livornon sortu zen, familia judu apal batean. Margolari eta eskultorearen obran aipagarriak dira erretratuak eta emakume biluziak. Konposizio asimetrikoak egin zituen, irudi luzatuak, lerroaren erabilera soil eta aldi berean monumentalarekin. Koadroetan oso giro berezia lortzen zuen, eta artistaren eta modeloaren artean sortzen zuen erlazioak ikuslea bereganatzen zuen.
Haurtzaroan izandako zenbait eritasun larriren ondorioz eskola utzi behar izan zuenean hasi zen margolaritza ikasten. 1906. urtean Parisen jarri zen bizitzen. Garai hartan, fauvismoa eta kubismoa ari ziren zabaltzen, eta abangoardiako mugimendu haien eta Toulouse-Lautrec eta Van Gogh margolarien eragina jaso zuen Modiglianik.
Literaturarekin ere izan zuen harremana, erromantizismo ondorengo literatura dekadentearekin zehazki.
‘Biolontxelo-jotzailea’ obran ageri dira bere estiloaren ezaugarri nagusiak, irudiak kolorezko masa handiz osatzeko joera bereziki.
Brancusi eskultorearekin harreman handia izan zuen, eta haren eskutik ezagutu zuen Afrikako eskultura eta lerroaren adierazpen-indarra eta erritmoa. Eskulturan izandako esperientzia haren ondorioz hasi zen kopeta eta sudur luzeko pertsonaiak margotzen eta efektu trinkoa bilatzen.
1915-1920 bitartean egin zituen lan bikainenak. Azpimarratzekoak dira erretratuak. Jeanne Hebuterne margolariarekin maitemindu eta harekin joan zen Cote d'Azurera bizitzera. Urte hartan bertan hasi zuen emakumezko biluzien koadro-saila. Sentsualitate handiko irudiak dira, kolore bizi epelekoak eta forma biribilekoak.
