GAUR8

Nerabeen ongizate emozionala sustatzeko programa bat abiatuko dute Donostian

Donostiako Udalak ongizate emozionala sustatzeko esperientzia pilotu bat garatuko du hurrengo hilabeteetan lau ikastetxetan 13 eta 16 urte bitarteko nerabeekin. Psikologoek gidatutako saioak izango dira Ongizan izeneko programa berri horren ardatz nagusietako bat.

Nerabeak kalean, artxiboko irudian.
Nerabeak kalean, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak Ongizan programa jarriko du abian. Nerabeen ongizate emozionala eskola-ingurunean bertan lantzeko proiektua da, eta nerabeei laguntza ematen dien Gaztedi zerbitzuaren laguntzarekin eskainiko dute. Lehen esperientzia pilotua datozen hilabeteetan egingo da hiriko lau ikastetxetan.

DBHko 13 eta 16 urte bitarteko ikasleekin, haien familiekin eta irakasleekin lan egingo da esperientzia pilotuan parte hartuko duten ikastetxeetan, eta hezitzaileen laguntza izango dute.

«Programa honek gizartearen ongizaterako funtsezko alderdi bat landu nahi du modu goiztiarrean, garapen pertsonalaren fase kritiko batean, eta horrek herritarren bizi kalitatea hobetzea ekarriko du», adierazi du Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Programa ezartzeko lehen fasea otsailetik ekainera egingo da Antigua-Luberri BHI, St Patrick's English School, OLH Adsis Donostia eta Cebanc zentroetan, hurrengo ikasturteetan ikastetxe gehiagora zabaltzeko asmoarekin.

Nerabeei erresilientzia tresnak eta baliabide eraginkorrak ematea bilatzen du programak, garapen pertsonala eta ingurunera modu osasungarrian egokitzeko, eta, aldi berean, guraso edo tutoreei nerabeen egokitzapen osasungarria sustatzen laguntzea ere.

Saioen dinamika

Ekimenak 13 eta 16 urte bitarteko gazteen ongizate emozionalaren prebentzioan eta sustapenean oinarrituko ditu bere jardunak, eta saioen dinamikak emozioak identifikatu eta arautzeari eta arrisku jokabideak eta alternatiba posibleak identifikatzeari buruzkoak izango dira.

Programaren ardatz nagusia ikasleekin egingo den lana da, osasun mentaleko profesionalek dinamizatutako saioen bidez.

Saio horiek ordubete edo ordu eta erdi iraungo dute, eta landuko diren edukiak emozioekin eta osasun mentalarekin zerikusia duten eguneroko egoeretan oinarrituko dira, batez ere berdinen arteko harremanetan, familiarekin dituzten harremanetan eta helduekikoetan; arrisku jokabideetan, estresean eta ideia suizidetan ere oinarrituko dira.

Ikuspegi interaktiboa bilatuko da, elkarrekin hausnartu eta eztabaidatzeko. Gainera, tailer bat egingo da ohiko gelatik kanpo, ikastetxe bereko espazio irekiak bilatuz, saioan mugimendua errazteko. Beste saio batzuk ere egingo dira, programan parte hartzen duten beste ikastetxe batzuetako neska-mutilekin elkarren artean harremana izan dezaten.

Familien eta irakasleen inplikazioa

Nerabei zuzenduta dagoen proiektua denez, ikuspegi integrala izango duen lana egitea ezinbetsekoa da, familiek eta irakasleek inplikazioa izan dezaten eta horiek gazteei prozesu horretan laguntzeko beharrezko tresnak lor ditzaten. Horregatik, parte hartzen duten adingabeen guraso eta tutoreei bi orduko pare bat saio eskainiko zaie teknikariekin.

Saio horietan, nerabeen garapenaren faktoreak aztertuko dira, gatazken konponbideari buruzko gogoeta egingo da eta ongizate emozionalarekin lotutako portaerei buruzko hausnarketa ere egingo da, egon daitezkeen zalantzak argitzeaz gain.

Ikastetxeko irakasleekin ere bi saio egingo dira, nahiz eta haien ikasleek programan parte hartu ez izan. Guraso taldearekin egingo den lanaren antzekoa izango den arren, ikasleen egoera emozionala identifikazeko laguntza ere emango zaie.

Ikasturtea amaitutakoan balorazio bat egingo da fase pilotuan identifikatutako alderdiak doitzeko eta hobetzeko, eta esperientzia beste ikastetxe batzuetara zabalduko da.