GAUR8
Gaur X urte

Gaur 20 urte sartu zen indarrean Kyotoko Protokoloa

2005eko otsailaren 16an indarrean sartu zen klima-aldaketari aurre egiteko Kyotoko Protokoloa, Errusiak egindako berrespenaren ondorioz. Estatu Batuek ez zuten inoiz ituna berretsi eta Kanada 2012an irten zen.

 Koloniako fabrika bateko keak eragindako kutsadura.
Koloniako fabrika bateko keak eragindako kutsadura. (SOPA IMAGES / ZUMA PRESS / EUROPA PRESS)

Kyotoko Protokoloa (edo Kyoto Hitzarmena) klima-aldaketari aurre egiteko nazioarteko akordio bat da. Hitzarmen honek Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenaren (UNFCCC) baitan garatutako lehenengo akordio loteslea izan zen, eta bere helburua berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketak murriztea zen.

1997an Kyoton (Japonia) COPek egindako bileran, UNFCCC hitzarmenaren sinatzaileek itunari eranskin bat gehitzea erabaki zuten, ‘Kyotoko Protokoloa’ bezala ezagutarazi zena. Lehenengo aldiz, emisio gehien zituzten 37 herrialdeentzat eta Europar Batasunarentzat (EB) murrizketa helburu lotesleak ezarri zituzten (emisio globalen %55aren erantzule ziren herrialde horiek). 1997ko abenduaren 11n onartu zuten herrialde gehienek, baina ia hamarkada bat geroago sartu zen indarrean.

Ahalik eta onarpenik zabalena lortzeko asmoz, protokoloari beste elementu batzuk gehitu zizkioten, trikimailu hutsak talde ekologisten iritziz. Esate baterako, herrialde kutsatzaileek gutxi kutsatzen duten herrialdeei kutsadura-eskubideak erosteko aukera izatea. Izan ere, hitzarmena abian jartzeko emititzen diren gas emisioen %55 onartzen zuten herrialdeek izan behar zuten eta hori ez zen lortu Errusiak onartu arte.

Errusiak egin zuen berrespenaren ondorioz, ituna indarrean sartu zen 2005eko otsailaren 16an, gaur dela 20 urte.

AEBen kasuan, 1998an, Bill Clintonen administrazioak akordioa sinatu zuen, baina Senatuak ez zuen inoiz berretsi. Kanada 2012an irten zen Kyotoko protokolotik.

Gaur egun 192 estatuk onartzen dute protokoloa.