Sopelako HAPOaren «irizpideak eta helburuak» aurkeztuko ditu herritarrentzako saio batek
Asteazken honetan herritarrei zuzendutako saioa izango da Kurtzio Kultur Etxean, Sopelako HAPO (Hiri Antolaketarako Plan Orokorra) berrian zehaztutako gidalerroen inguruan informatzeko. Azken hamarkadetan garatutako herri eredua aldatzeko urratsa gida aurkeztu du Udal Gobernuak.

Martxoaren 5ean, asteazkenez, Sopelako HAPO berriaren inguruko zehaztasunak emango dituzte herritarrak informatzeko deitutako saio batean.
«Bertan, herritarren ekarpenen eta iradokizunen inguruko azalpenak emango dira, eta emandako pausoen helburuak azaldu eta hurrengo urratsen berri emango da», aurreratu du Udal Gobernuak. Kurtzio Kultur Etxean izango da saioa, 18.00etan.
Prentsa ohar batean, Udalak gogoratu du Udalbatzak HAPOren ‘Irizpideak eta Helburuak’ izeneko dokumentua onartu berri duela, Udal Gobernuaren eta Sopelako Auzo Alternatibaren aldeko bozkekin. Nabarmendu dutenez, dokumentua «25 urtetan garatu den herri eredua aldatzeko urratsa» da.
Babes publikoko etxebizitzak bultzatzea, natura-ingurunea eta historia, kultura eta hizkuntza ondarea babestea, gizarte kohesioa eta genero ikuspegia sustazea eta mugikortasun jasangarria sustatzea dira hirigintza plan berriak finkatzen dituen lehen lau ardatzak.
Mankomunitatearen eta Uribe Kostako eskualdearen barruan, udalerriko garapen ekonomikoa eta Sopelaren berezko ahalmenak indartzea, plangintzan zehaztutako beste bi irizpide dira.
Guruzne Carrasson alkatearen hitzetan, «Sopelak egun dituen erronkei erantzunak emateko» balio du Udalbaztak onartu berri duen dokumentuak. «Gidalerro garrantzitsua izango da etxebizitzan, ingurugiroan, mugikortasunean, irisgarritasunean, kohesioan, ekipamendu publikoetan, komertzioan... agertuko zaizkigun erronkei aurre egiteko», adierazi du.
Gogoratu dute, bestalde, HAPOaren Erredakzio Taldeak aurkeztutako dokumentua Hirigintza Aholku Batzordea osatzen duten elkarte eta talde politiko guztien esku jarri zela otsaila hasieran, eta horren ondoan, erredakzio taldeko teknikariek azalpenak eman dizkiela zuzenean udal talde guztiei.
