Amagoia Mujika Telleria

Emakumea eta 15 urtekoa

Arandinako futbol jokalarien ingurukoa amorruz bizi dut. Ez nengoen han, baina erraz samar irudika dezaket zer gertatu zen, tamalez. Ariketa hori nik nahi baino errazago egin dezaket emakumea naizelako eta nik ere behin 15 urte izan nituelako. Badira emakumea izan eta 15 urte izateko modu desberdinak. Eskerrak. Baina zabalduena, orokortuena, badakigu zein den.

Zure gorputzarekin borrokan ari zara, azkarregi edo mantsoegi doalako. Helduagoak direnetan jartzen duzu begiratua, lelotuta. Ordurako ondo barneratuta daukazu benetako maitasuna arnasa mozten dizun hori dela, pentsatzen uzten ez dizuna, barre lehertzeraino eta negar usteltzeraino eginarazten dizuna. Eta helduagoak diren horiek behin eta zeharka begiratzen badizute –nahiz eta zutaz barre egiteko izan– puxika batean sentitzen zara, hegan egiteko gai. Munduko pertsonarik interesgarriena, zoriontsuena, zortedunena sentitzen zara eta zure begietatik ikusteari uzten diozu. Dagoeneko ez zara zu, liluratuta zauzkan horrek nahi duzuna zara. Zuk ez dakizu, baina berak badaki. Zure helburu bakarra bera kontentatzea da. Eta zuk zer nahi duzun ahaztu egiten duzu. Horrek ez dauka garrantzirik.

Gainera, futbolaria bada, jendarte honetako izar distiratsua, tupea lakaz mimatzen duen horietakoa, zure poza are puztuagoa da, paparrean kabitzen ez zaizuna.

Arandinako hiru bortxatzaileak ikusten ditudan bakoitzean amorruaren sua igotzen zait sabeletik gora. Madarikatuak zuek, hori guztia bazenekitelako. Bazenekiten 15 urte zituela eta bere begietara begira ulertu zenuten edozer egiteko moduan zinetela.

Gure 15 urteekin gogoratzen naiz eta gure alaben 15 urteekin eta ostikoka amorratzen naiz, kasketa harrapatzen duenaren frustrazioarekin, gauza batzuk zer gutxi aldatu diren konturatuta. Kasketa baretu eta lanean segitu beharko dugu, derrigorrez. •