Juantxo EGAÑA

Meliton Manzanasek konfiskatutako ikurrina

Jonan Zinkunegi
Jonan Zinkunegi

1967ko abenduaren 24an, gazte talde bat gabon kantak abesten zihoan Donostiako Parte Zaharrean barrena. Santa Maria elizara iritsita, taldeko batek, Gerardo Suarezek, ikurrin bat atera zuen, sasoi hartan legez kanpo zegoen bandera, noski. Ikurrin hura Jose Mari Garciak egina zen, Donostiako Urbieta kaleko Ramos jostundegian lan egiten baitzuen. Ikurrin hura beste elkarretaratze batzuetan ere atera zuten, Urbian, Oñatin… Zenbait hilabete igarota, 1968ko Aberri Egunera deitzeko kartelak jartzen ari zela, kaleko jantzitako poliziek Suarez atxilotu zuten beste gazte batzuekin batera. Amaran zegoen Gobernu Zibilera eraman zuten. Poliziek haren etxean egin zuten araketan, ikurrina konfiskatu zuten. Gobernu Zibilean torturatu egin zuten eta, Suarezek kontatu duenez, Meliton Manzanasek berak hautsi zion eskuineko besoa. Jonan Zinkunegi artikulua ilustratzen duen argazkia egin zuen argazkilaria ere atxilotu zuten orduko hartan. Horrek ere gogoan ditu Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Meliton Manzanasek eman zizkion tratu txarrak. Gerardo Suarezi bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten propaganda ilegalagatik eta, besteak beste, Martutene, Carabanchel, Soria eta Jaengo kartzeletan izan zen.