Xabier Mikel Errekondo

Txerri-muinak ordainetan

Euskal kulturari balioa emateko aldarriak gero eta ugariagoak diren honetan, justua iruditzen zait familia –eta lagunarte– orduetan zein otorduetan presenteen dugun animalia alde guztietatik eder horren aldarri ere egitea, gora txerria!

Gaur San Tomas egun handia da, txistorra gastronomiaren gailurrera igotzen dugunekoa, hozkatxoak emateari utzi gabe sagardoz zein ardoz bustitako eztarriak etenik gabeko berriketan korapilatzen ditugunekoa, zerrama erraldoia erregina guztiahaldun bilakatzen dugunekoa.

Harago, nago gizarteari egiten dion ekarpenagatik zerria gure kulturaren ikur nagusietakotzat jo beharko genukeela. Baina ez soilik duen guztia ema(te)n duelako euskal belaunaldiek biziraun dezaten, baizik eta hortz artean zerrikia nola hitzetik hortzera zerrikeriak eta zerria oinarri duten esapideak darabilzkigulako ere.

Inertzia hutsez etorri zait burura bat: “Txerri-muinak ordainetan”. Esaera ezaguna dugu Usurbilen, egun nekez entzuten bada ere. Ahotsak proiektu ederrean topatu dut Joxe Torregarai herriko gizon galantaren ahotik. Honela azaltzen du berak: «Zuk niri eskatzen badidazu zerbait, nik eskatutakoa uzten dizut eta esaten dizut ‘txerri muinak ordainetan, e?’, adieraziz itzuli egin behar didazula». Edo Barrikan jasotako beste hau, “etxeen gehien mima dana txarrie”…. etzen kasualitatea izanen. Eta zenbat halako.

Pentsa, zerririk izan ez balitz, a ze hutsunea etxeko mahaian… eta gure hiztegian. Agian ez ginatekeen garen bezalakoak izanen, agian ez ginateke izanen ere…

Txerriari inoiz itzuli ahalko ote diogu berak emandakoa… Txerri-muinak ordainetan! •