Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Bortxaketa automatizatuak eta eskubide atzeratuak

Europako Auzitegiak berretsi berri du; Xabier Atristain euskal presoa (preso ohia) bidegabeki zigortu zuen Espainiako Erresuma ahalguztidunak. Inork jaramonik egiten ez zion auzi judizialak garrantzia hartu du bat-batean, urtarrileko lehen ebazpenarekin, eta larritasuna gero, oraingo baieztapenarekin. Bi argudio harrigarri irakurri ditut prentsan, inkomunikazioaren helburuak biluzten dituen erabakiarekin asaldatuta daudenentzat lasaigarri-edo izan nahi dutenak: «ETAko presoak ez dira tropelean kalera aterako, banan-banan baizik» eta «erabakia ez da automatikoki aplikatuko». Zuzenbide Estatua beste behin ere Saihesbide Estatu, tranpa bat hurrengoarekin kateatuz.

Zertaz ari garen oroitarazi beharko dugu: 2010eko martxoan, Polizia atzetik zuela jakin ostean Biarritzeko komisaria batean aurkeztu zuen bere burua Atristainek, hortik Madrilgo Auzitegi Nazionalera eraman zuten eta bertan bere kontrako frogarik ez zela egiaztatu eta aske utzi zuten. Susmoa oraindik izan bazuten, Estatuko polizia ezberdinei ez zitzaien tresnarik falta: atzetik segitzea zuten, telefonoa kontrolatzea, ikerketan segitzea... Baina ez, bide zuzenagoa eskura zutelako: indarrez atxilotu eta inkomunikatu. Irailean egin zuten. Ez da gauzarik garrantzitsuena, baina gogora dezagun ordurako ETAren deseskalada armatua azkartua zela. Guardia Zibilarena ez.

Hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, inkomunikazioan urratutako deklarazioa «froga» bakarra izan arren. Hamazazpi, erraz esaten da. Horietatik hamaika pasatxo beteak zituen Atristainek aske uztea agindu denerako; preso politikoa ez balitz, zigor horrekin aspaldi kalean zatekeen.

Europako epaia irmo dela, Gorenak itxi beharko du orain bere aurkako prozesua. Baina espainiar bitxikeriek ere ezaugarritzen dute fase hau: Gorenak kondena berraztertu dezan, Gorenari berari eskatu behar zaio baimena. Hori bai gauza automatikoa dirudiela, ezta? tramite huts bat. Baina bertan dugu Arnaldo Otegi eta gainerakoei gertaturikoa: berriro epaitzeko gogoa agertu du Gorenak, eta orain Konstituzionalaren mahai gainean da afera, zigorrak agortuak izan ostean.

Demagun Atristainena bide zentzudunagotik doala. Zer egin beharko luke gero benetako Zuzenbide Estatu batek? Hasteko, preso ohiari dagokionez, Europak agindutako 20.000 euro horiek txantxa dirudite eragindako kaltearen alboan: espetxean pasarazitako egun bakoitzeko ez da bost eurora iristen. Erreparazioa kontzeptua zabalagoa da eta ez da diruz neurtzen. Beste hiru ondorio gutxienez askatu beharko lituzke epaiak: erantzukizunak garbitu (nork egin zuen hura), antzeko kasuak zerrendatu eta defentsa juridikorik gabeko inkomunikazioaren prozedura hori ezabatu.

Inozokeriatan ari naiz, jakina. Lehena ez da gertatuko, bigarrena ere ez, eta hirugarrena ETAren amaieraren ondorio izango da, izatekotan. Izan ere, eskubideak bortxatzea gauza automatikoa izan da, bada eta izango da Estatu espainolean, independentisten aurkako borrokan. Eta inertzia horren ondorioz, ez dakit gainerakook ez ote dugun automatismo hori ere barneratu; hasiera-hasieratik eskubiderik ez dagokigula, alegia.

Sei urteko zigor erantsia jaso zuten ilegalki «Parot doktrina» jasan zutenetako batzuek. Zenbat egingo dute «Atristain doktrina» jasan dutenek? Nola eragin giza eskubideak guztiontzat eta automatikoki betearazteko, banan-banan eta urtez urte itxaron beharrik gabe? •