Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
«HAZI HEZI»

Hamar urte familia eta hezitzaileen «tribu modernoa» izateko lanean

Hezitzaileen lana ez da batere erraza, eta gure bizimoduak ez du laguntzen: heziketaren tempusa eta jendartearen ziztu bizia ez datoz bat, exijentziek talka egiten dute ume eta nerabeen beharrekin. «Hazi Hezi»-k helduleku bat eman nahi die familiei, bertze patxada batekin, haurtzaroaren errespetutik eta feminismotik.

Bi urte gogor iragan ditugu, bereziki zaintzan. Haur eta nerabeek ez dituzte egoera samurrak pasatu. “Hazi Hezi”-ren guraso den Hik Hasi euskal heziketarako egitasmoak 25 urte bete zituen, ezin izan zuten ospatu, eta orain hazierari eta hezierari buruzko aldizkariaren hamar urteak ospatzeko gogoz daude. Bertzetik, jendarteratzeko ahalegina egin nahi dute. Izan ere, guraso eta hezitzaileen artean beharra dagoela ikusten dute. «Orain arte edukian zentratu gara eta zailtasunak izan ditugu eurengana iristeko, baina aurrerantzean ez da berdin izango», diote.

Joan den astean, hedabideetako eta euskalgintzako lagunak, kolaboratzaileak eta bidelagunak elkartu zituzten jai txiki batean, Donostiako Aquariumen, eta aldizkari berritua erakutsi zieten. Iganderako, maiatzak 29, besta ireki bat prestatzen ari dira Adunan. Alaia Martin kolaboratzailearen bertsoak, Nerea Mendizabal psikopedagogoaren hitzaldia, eskulanak, eta Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izanen dira.

Paperaren krisian jaioak

Kideek diotenez, aunitz dute ospatzeko. Kontuan izan behar da 2012an sortu zirela, paperaren krisia deitu zitzaion txakalaldi hartan. Horrez gainera, euskaraz komunikazioan lan egitea ez da erraza, zer erranik ez haziera eta heziketa jorratzen dituen aldizkari espezializatu batentzat.

Hasiera haiek oroitzean nahitaez aipatu behar da Joxe Mari Auzmendiren izena. Hik Hasi irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu zuen duela 26 urte hezkuntzarekin hagitz konprometituta zeuden irakasle talde batekin. Hezkuntza formazio eta dibulgazioa lan ildotzat hartuta, izen bereko aldizkaria kaleratzen dute geroztik, bereziki irakasleei bideratua.

Auzmendi Hik Hasiren sortzailea izan zen, baita “Hazi Hezi”-ren bultzatzaile nagusia ere. «15 urte generamatzan ‘Hik Hasi’ aldizkaria eskoletara bidaltzen, jardunaldi pedagogikoak antolatzen… eta familiek, pedagogoek eta psikologoek premia bat zegoela komentatzen ziguten. Ziotenez, asko galduta zebiltzan eta ‘San Google’-era jotzen zuten loari, sexualitateari nahiz nerabezaroko gatazkei buruzko informazio bila, horrek daukan arriskuarekin. ‘Infoxikazio’ haren aurrean, galbahe bat, tresna fidagarri bat, behar zuten familiek. Auzmendik aurrera egiteko adorea batu zion horri», azaldu dio GAUR8ri Ainara Gorostitzu Muxika Hik Hasiko eta “Hazi Hezi”-ko langileak.

Garai beretsuan, eskolatik familiara eta herrira egin zen urratsa. Oinherri, orain hain indartsu dagoen herri hezitzaileen sarea, eratzen hasi ziren hainbat eragile, tartean Hik Hasi. Testuinguru horrekin lotzen da “Hazi Hezi”, herriarekin eta komunitatearekin. «Heziketa tribu oso baten lana da, eta guk tribu moderno bat izan nahi dugu», nabarmendu du erredaktoreak.

Amen bakardadea

«Gurasoak oso bakarrik ikusten ditugu, bereziki amak, zer esanik ez pandemia eta gero. Eta funtzio hori bete nahi genuke: tribua, babesa, esperientzia trukatzea. Bokazio horrekin idazten dugu».

Erantsi duenez, aldizkariek arrisku handia dute emakumeek sentitzen duten zama eta errudun sentimendua areagotzeko: «Gauzak modu jakin batean egiten ez badituzu, zure seme-alabak atzean geldituko direla dirudi. Gure asmoa, hain zuzen ere, kontrakoa da: zaintza lanak gehiago partekatzea eta emakumeei zama eta errua kentzea».

«Erredakzioan lan handia egin izan dugu beti: amei karga arindu, aitak inplikatu, bestelako familia ereduak ikusarazi…», kontatu du Gorostitzuk. Bizipoza elkarteko kide dira eta beti aniztasuna islatu da beren orrialdeetan.

Zaintzaren ikuspegi feminista eta haurren errespetua dituzte oinarri.

Exijentzia

“Hazi Hezi”-ko lantaldearen iritziz, exijentzia handiko garaia bizi dugu eta horrek ez dio batere mesederik egiten heziketari: haur edo nerabe bat hezteak behar duen tempusa eta munduaren abiadura handia ez dira bateragarriak. Kontsumismoak eta jendarte ereduak ere talka egiten dute haurren beharrekin. «Marketin oso bat ari zaigu umeak nola hezi behar ditugun esaten. Eta guk helduleku bat eman nahi diegu familiei, beste patxada batekin».

Hori dena hemengo profesional onekin kontrastatuta egiten dute. «Sare zabal bat dago, oso jantzita dagoena. Kide asko batu izan dira Hik Hasiren inguruan eta horiengana jotzeko aukera dugu».

Badator aldaketa

Ainara Gorostitzuk ederki oroitzen du nola, duela hamar urte, lanean hasi zirenean edozein gairi buruz hitz egiteko grabagailua pizten zutenean amek negar egiten zuten, bakarrik sentitzen zirelako.

«'Hazi Hezi’-ren sorreran parkeetako soziologia asko egin genuen, eta amen bakardadea, exijentzia, errua... ateratzen zen etengabe. Hausnarketa handi batera eraman gintuen horrek: gure produktuak ezin zuen hori elikatu; alderantziz, helduleku bat eman behar genuen zulo hori gainditzeko. Eta feminismoaren ikuspegi horretatik egin dugu bidea».

«Nire iritzi pertsonala da, baina esango nuke zulo hori lausotzen ari dela. Feminismoak zaintza erdian jartzeko gutxienez diskurtsiboki egin duen lan hori ongarri bat ari da ezartzen. Baditu bere arriskuak, amok beste guztia baztertzeko, baina hor egon behar dugu, etengabe elikatzen, mahai gainean jartzen amatasunak ez gaituela emakume oso bilakatuko eta, era berean, ama bilakatutakoan ez garela izango emakume gazte, mendigoizale, kontsumista, eder hori. Aldaketa datorrela esango nuke».

«Beldurgarria zen zenbat negar egiten ziguten amek. Horregatik, gure ibilbide honetan oso garbi eduki dugu aitak inplikatzen saiatu behar genuela, familia eredu ezberdinak aurkezten, erreferentzia berriak, zaintza eredu ezberdinak. Bidelagun izan ditugun psikologo eta espezialistekin beti landu dugu perfekzionismoa urratze hori. Esango nuke kolektiboki hausnarketa eta praktika bat egiten ari garela amak ez zamatzeko».

Belaunaldien arteko etena

Belaunaldien arteko transmisioa galdu da. Penduluaren efektua aipatu du “Hazi Hezi”-ko kideak. Mutur batetik bertzera pasatzea: umea ahalik eta lasterren haur eskolan uztetik beti berarekin egotera, adibidez. Sarri ez digu balio izan aurrekoen ereduak, edo ez dugu ezagutu ere egin. Eten bat egon da.

«Eta bakardade horretan, aditu kontsakratu batzuen esana norbere ama edo ahizparenaren gainetik jarri izan dugu. Bizi dugun ereduak eta pandemiak erabat isolatu gaituzte: gure haur jaioberriarekin topo egin dugu geure 80 metroko pisuan bakarrik, negarrez dagoen umea lehenengoz bularrean jartzeko ahaleginean». Heziketarako tribuak falta izan dira, baina ari dira eratzen, ari dira guraso taldeak eta bertzelakoak sortzen, beharra sumatzen delako.

Nola daude haur eta nerabeak?

Udaberriarekin batera kaleratu duten “Hazi Hezi” eraberrituan, aldizkariaren 40. alean, pandemiaren ondotik haur eta nerabeak nola dauden aztertu dute gai nagusian. «Ez dira subjektutzat hartu, azkenak izan dira, eta honetatik nola ari diren ateratzen jakin nahi izan dugu».

Elkarrizketa nagusia Estitxu Fernandez psikologo eta bidelagunari egin diote, bertzeak bertze Erika Lagomarekin plazaratu berri duen eta irakurleek interes handiz hartu duten “M ama eme ume” liburuaren harira.

Adituez gain, arituak ekarri izan dituzte aldizkarira: adibidez, autismoa duten haurren familiak. Mila gai jorratu dituzte esperientziak azalduz, protagonistekin solastatuz. Oraingo honetan ama diren lau bertsolari elkartu dituzte: Uxue Alberdi, Erika Lagoma, Oihana Iguaran eta Amaia Agirre.

Hazieraren eta hezieraren etapa guztietarako gaiak eskaintzen dituzte: lehen urteak, urte gozoak, nerabezaroa, baita haurdunaldia ere. Azken honekin lotuta gurasoen tribuen inguruko erreportaje bat dakar zenbaki berriak.

Sormena ere lantzen dute aldizkariro, haur eta nerabeak sormen hutsa direlako. Oraingoan, Nerea Urbizu elkarrizketatu dute.

Badute bertze atal polit bat, hagitz estimatua, kontsultena: irakurleek zuzenean galdetzen ahal diete dietista, pedagogo, euskara aholkulari eta bertzelako adituei. «Indartu egin dugu atal hau, oso baliotsua delako». Ipuin eta eskulanetarako tartea ere badu “Hazi Hezi”-k.

Eramangarriagoa

Azaldu dutenez, beharrezko izan dute berritzea. «Denborak bizkortu egin dira, korrika bizi gara, presaka. Eta horregatik ere aldatu dugu ‘Hazi Hezi’».

«Gero eta denbora gutxiago daukagu irakurtzeko, bereziki gure publikoak, guraso berri eta hezitzaileek. Horregatik, formatua murriztu dugu. Lodiagoa da, baina eramangarriagoa, poltsan sartu eta dauzkagun tarteetan irakurtzeko. Artisau lana da gurea, eta adituekin hitz eginez eta kalitatea mantenduz, arinago, freskoago, bisualago egiten saiatu gara. Emaitza oso polita gelditu da», azaldu du Gorostitzuk.

Berarekin batera, Ainhoa Azpirotz, Olatz Lasagabaster, Uxue Ugartemendia eta Mikel Agirrezabalak osatzen dute “Hazi Hezi”-ko lantaldea. Hik Hasiko kideak dira. Lantalde horretan hiru kazetari dira eta oraingoan, Alaia Martin bertsolariak ere erredakzio lanetan lagundu die.

Urtean lau aldizkari ateratzen dituzte, mimo handiz eginak, eta urteko harpidetza eskaintzen dute 20 euroan. Hamar urteotan ez dute kuota igo, eta ez dute goititzeko asmorik ere. Hikhasi.eus webgunearen bidez egin daiteke harpidetza. Elkar dendetan ere salgai egoten da aldizkaria.

Buzoi gehiagotara heldu

«Beharra badago, eta badakigu aldizkaria kalitatezkoa dela, gure zailtasuna ezagutarazte lana egitea da, gero produktuak bere kasa konbentzitzen du jendea», diote kideek.

Aurrera begirako erronka nagusia zabaltzea dute, beraz. Buzoi gehiagotara iristea, haziera eta heziketa lana samurragoa izanen baita elkarrekin eginda. Bide horretan, 2022an Gipuzkoan jaiotako ume guztien familiei bidaliko zaie ale berezi bat, Foru Aldundiaren laguntzaz. «Eduki interesgarria jarri nahi dugu haur jaioberrien familien eskura, lagungarri izango diren artikuluen bilduma bat da», azaldu dute.

Kolaboratzaile batzuen izenak aipatu nahi izan dituzte, esker onez: Marije Sarrionandia eta Gontzal Martinez de la Hidalga pediatrak, Joxe Ramon Mauduit psikologoa, Nerea Mendizabal eta Alex Barandiaran psikopedagogoak, Aitziber Estonba sexu hezitzailea, Libe Garmendia nutrizionista, Iñaki Eizmendi euskara aholkularia, HUHEZIko ikerlari Amaia Arroyo, Alvaro Beñaran psikomotrizista eta Ane Ablanedo.