GAUR8
HOMOFOBIA ESKOLAN

LGTBI ikasleen erdiek irainak jasotzen dituzte ikastetxean, ikerketa baten arabera

Stonewall Britainia Handiko elkarteak egin duen ikerketa kezkagarria da eta argi erakusten du jarrera homofoboak oso ohikoak direla oraindik ikastetxeetan. Hala ere, eta aurreko asteartean Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatu zela gogoratuz, esperantzarako ate bat irekita uzten du: azken urteetan egoerak hobera egin du.

Sexualitatea gizartearen gehiengoaren aldean desberdin bizitzea oraindik ere onartu gabe dago ikastetxe askotan. Stonewall Britainia Handiko lesbiana, gay, bisexual eta transgeneroen (LGTBI) berdintasunerako elkarteak egin duen ikerketa baten arabera, LGTBI ikasleen erdiek irain homofoboak jasaten dituzte ikastetxean «sarritan». Kezkagarria da, adituen ustez, gizartean gertatzen ari denaren isla baita.

«Ikastetxe bateko jolastokian lasai asko entzun daiteke norbaiti ‘marikoia’ oihukatzen, oihua jasotzen duena homosexuala izan ez arren, besterik gabe, pertsona horren sexualitatea oraindik definitu gabe dagoelako. Eta nerabezaroan ere intentzionalitate osoz esaten jarraitzen da joera homosexuala iradoki dezakeen jokaeraren bat antzematen bada», aipatu du Sylvie Perezek, Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakasleak. «Noski, horrek ondorio negatiboak izan ditzake, adjektiboa pertsonaren izaera edo ezaugarri negatibo batekin lotzen delako. Jasotzen den mezua da homosexualitatearekin harremana duen guztia negatiboa dela eta mespretxua merezi duela», gaineratu du.

Irain horien ondorio negatiboen artean osasun mentalarekin zerikusia duten zailtasunak aurkitzeraino irits daiteke. Adrian Montesano UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien irakasleak azaldu duenez, «irain horiek entzuteak ondorio bezala ekar dezake epe laburrean bazterketa sentitzea, marjinalizazioa eta estigmatizazioa berdinen multzoarekiko, eta horrek kalte nabarmena sortzen du».

Epe luzeago batera, ondorio are eta larriago bat dago: homofobia barneratzea. «Zentzu horretan, jada ez da beharrezkoa kanpotik jasotzea estimulua, bazterketa, baizik eta diskurtso bat gehiago bezala ulertzen da, harekin elkarbizitzen da, eta orientazio sexuala onartzeko garaian beste arazo batzuk sor ditzake: identitate pertsonala nola garatzen den, armairutik ateratzeko barne eztabaidak talde sozial desberdinetan, familia… Osasun mentalean ondorioak izan ditzaketen elementuak dira», Montesanoren ustez.

Esandakoaren adibide dira aipatutako ikerketak jaso dituen hainbat datu. Bost gazte transexualetatik lau baino gehiago autolesionatu egin dira noizbait, eta baita bost gazte lesbiana, gay edo bisexualetik hiru ere. Adituek ingurukoen onarpenik ezak sortzen duen autogutxiestearekin erlazionatzen dute joera hori. «Ez da arraroa hau gertatzea diskurtso sozial heteronormatiboek askatasun indibiduala eta genero espresioa eta espresio sexualaren dibertsitatea zapaltzen dutenean, nahiz eta autolesionatzea ez den LGTBI komunitatean soilik gertatzen den mekanismoa», nabarmendu du irakasleak.

Gutxiago etorkizunean

Errealitatea hori izan arren, adituek uste dute urratsak egiten ari direla dibertsitatea normalitate bilakatzen has dadin haurtzarotik hasita. Eta datuek ere hala erakusten dute. Stonewall elkartearen ikerketak erakusten du orain dela hamar urte handiagoa zela ikastetxean irain homofoboak entzuten zituzten ikasleen proportzioa: 2012an hamar ikasletik zazpi ziren egoera hori pairatzen zutenak.

UOCeko irakaslearen iritziz, orain askotariko diskurtsoen garaian gaude, batzuk inklusiboagoak eta beste batzuk heteronormatiboagoak edo diskriminatzaileagoak. «Ikuspegi historiko batetik, ez dugu bistatik galdu behar asko aurreratu dugula gai honetan bi arrazoi nagusirengatik: lehenik, orain datu hauek albiste bilakatu daitezkeelako eta iraganean ez lirateke notizia izango; bigarrenik, testuinguru batzuetan dibertsitatea normalizatuagoa dagoelako. Are gehiago, gerta liteke kasu batzuetan korronte dominantea (ingelesez ‘mainstream’ esaten dena) ez izatea heteronormatiboa, batez ere nerabezaroan, non identitatearen esplorazioa bizitzako lan garrantzitsuenetako bat izaten den. Gaur egun inoiz baino gehiago bizi gara multibertso edo multidiskurtso batean, bi polaritateak barne».

Horixe da, esaterako, Madrilgo LGTBI kolektiboak (COGAM) egindako ikerketak marrazten duen eszenatokia: ikasleen %89 ez da «inola ere» ados agertzen «orientazio afektibo-sexuala ezkutatu behar dela» dioen ideiarekin, edo biztanleen %89k familia homoparentalak beste edozein familia bezain baliagarriak direla uste dute. Horretan zerikusia izan dezake gero eta eredu gehiago daudela, maila profesional eta pertsonalean arrakasta duten pertsonak, LGTBI direla publiko egin dutenak. Baina, batez ere, garrantzitsua da ikastetxeetako irakasleen papera, gakoa baitira ikasle bakoitzaren izaera sexualagatik gerta daitezkeen egoera diskriminatzaileak ekiditeko.

«Alde batetik, diskurtsoaren autoritatea dira. Haur eta nerabeek erreferentzia dituzten helduak hartzen dituzte, irakasleak adibidez, diskurtso jakin batzuk legitimatzen edo deslegitimatzen dituzten pertsonatzat. Gainera, uste dut paper koertzitibo bat, ukapen edo zigorra erabiliz, ez dela lagungarria ez norabide batean ez bestean. Kontrara, arazo gehiago sortzen ditu. Helduek ahalik eta inklusiboenak izaten saiatu behar dute, eztabaidatzeko gai, pentsarazteko eta, batez ere, argumentatzeko gai», dio Montesanok. Bere esanetan, kontua ez da ondo zer dagoen eta zer ez esatea, baizik eta hori argudiatzea eta, argudiatze horretatik abiatuta, diskurtso mota batzuk legitimatzea edo deslegitimatzea.

«Maitasun eta sexu harremanetan ezin dugu ezer hartu erabateko egiatzat; horregatik kontua ez da inor doktrinatzea, baizik eta argumentatzea. Helduek heldutasuna erakutsi behar dute, beren izaera, orientazio edo iritzi pertsonaletik harago argumentazio dibertsitate hau ahalik eta egokien lantzeko, eta diskurtso dominante homofobo edo transfobo horren konplize ez izateko, ez zuzenean eta ez zeharka».

Etxetik ere borroka daitezke erreakzio homofoboak. Sylvie Perez irakasleak azaldu duen bezala, kontua ez da seme-alabei hitzaldi bat ematea, baizik eta «norberak bere buruarekin hausnarketa sakon bat egitea, jakiteko benetan zer puntutaraino errespetatzen ditugun benetan beste pertsonak haien sexualitatea epaitu gabe. Beharrezkoa da ditugun zalantzak zintzotasunez plazaratzea eta gaiaren inguruan ikastea, irakurtzea, informazioa eskatzea… diskriminazio mota hau betikotzea ekiditeko». Gainera, adituak gehitu duenez, ezinbestekoa da seme-alabekin komunikazio espazioak sortzea modu natural batean, adin bakoitzarentzat egokitua.

Hori egiteko modu bat da, adibidez, telesail edo filmetako LGTBI protagonistak aitzakiatzat hartzea dibertsitate sexualaren inguruan hitz egiteko. Edo lesbiana, gay, bisexual eta pertsona transgeneroen berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteekin elkarlana bultzatzea eta gaia lantzeko antolatzen diren ekitaldietara joatea.

«Garrantzitsuena da gaur egun posible den edozein maitasun modu bisibilizatzea eta legitimatzea, eta asko dira. Historian inoiz ez da egon horrenbeste maitatzeko modu sozialki bisibilizatuta», nabarmendu du Adrian Montesanok.