Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Voltaire gure laguna

Ezekiel (izen asmatua) 51 urteko gizonezko bat da, bakarrik bizi dena, eta egoera penagarrian etorri zen gure kontsultara: makurtu ezinik eta pijaman, bakarrik janzteko gai ez zelako. Horrelako kasuetan, lehenengo helburua pazientea bere egoera larritik ateratzea izaten da: eguneroko bizimodua egiteko moduan ipintzeko, behintzat. Baina egunak joan, egunak etorri, teknika batzuk zein besteak erabili, goizero etortzen zenean eta «zer moduz gaur?» galdetzean, Ezekielek ez zuen aurrerapenik: ezin zituen galtzerdiak jantzi ere! Kasu hauek ohikoak dira gure lanean. Haiei aurre egiteko, ezinbestekoa da patologia ezberdinen eboluzioa ezagutzea, espero daitekeena aurreikusteko. Eta batzuetan, gure jakituria handia poltsikoan gorde beharko dugu, ezingo dugulako besterik egin pazientea lasaitzea baino.

Hori azaltzeko, plano orokorragora pasatu behar dugu. Denborarekin, bizkarreko egiturak higatuz doaz. Hori ez da txarra; pertsona guzti-guztietan gertatzen den zahartze prozesu normala baino. Buruko ilea zuritzeagatik arazo kapilarra dugula esaten ez dugun bezala, bizkarreko artikulazioak edo diskoak higatzen zaizkigunean ere ez dugu pentsatu behar arazo traumatologikoa dugunik. Halere, batzuetan egituraren zati bat desorekatzen da eta minak etortzen zaizkigu: bizkarraren kasuan, artikulazioa, lotailuak, muskulua... izaten dira arruntenak. Baina gure gorputzak sendatze ahalmen handia du. Kasu askotan, hondatuta dauden egiturak birsortuko ditu; eta hori ezinezkoa denean, traba ez egiteko moduan ipini ditzake. Praktikan, horrek esan nahi du eguneroko bizitzako min arrunt gehienak gorputzak berak bakarrik konpontzen dituela: etendako muskuluak, hondatutako tendoiak, herniatutako diskoak, hautsitako hezurrak... epe jakin batean berez sendatzen dira, osagileon inolako interbentziorik gabe.

Noski: eboluzio natural hori gauzatzeko, denbora bat behar da. Pazientea minez dagoenean, egoera zaila. Puntu horretan etortzen zaizkigu pazienteak, eta kasu horretan lehena eta ezinbestekoa pazientearen balorazio eta diagnostiko ahal denik eta zorrotzena egitea da, historia klinikoa jasoz (hitz eginez) eta esplorazio fisikoarekin. Askotan zortea dugu, eta tratamenduekin mina baretzea lortzen dugu; baina kasu gutxi batzuetan, ez da horrela gertatzen. Horrelakoetan Voltairek esandako hura gogoratzea baino ez zaigu gelditzen: «Medikuntzaren artea pazientea entretenitzea da, Naturak sendatze lana egiten duen bitartean». Eta horixe gertatu zen Ezekielen kasuan ere: aste eta erdi minez egon ostean, halako batean, hobetzen hasi zen. Hobetzen, hobetzen, hobetzen... mina guztiz desagertu eta bere lanpostura inolako arazorik gabe bueltatu ahal izan zen arte. Eta ziurtatu diezazuket, onerako eboluzio hori ez zela geuk eginiko fisioterapia tratamenduarengatik izan; Ezekiel berez sendatu zen.

«Oi, osagile harroputzak! Non geratzen da orduan zuen jakituria, eta profesionaltasuna, eta unibertsitatearen kontura ematen duzuen matraka hori?», esango du norbaitek. Izan ere, horretarako edozein petrikilok balio du; eta agian hori ere ez, pazientea berez sendatuko bada. Bueno, bai eta ez. Umiltasuna beti dator ondo: ahalguztidunak ez garela onartzea, eta batzuetan nahi baino gutxiago egin dezakegula. Baina, interbenitu ezin dezakegun kasuetan ere, gauza handia da sendatze prozesua gainbegiratzea (dena behar bezala doala, eta konplikaziorik ez dagoela ziurtatuz) eta, batez ere, pazienteari gertatzen ari dena ulertaraztea, tamainan kezkatu dadin (ez gutxiegi, eta ez gehiegi). Voltairek zioen «entretenimendu» hori ez delako neutroa: eta pazienteari egoera ulertzeko eta laguntzeko gakoak ematen zaizkionean, gorputzaren sendatze prozesua hobea eta osoagoa izaten da. •

www.abante.eus