Aitzpea LEIZAOLA
ZAMALTZAINA

Maskaradako pertsonaia ikusgarria

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Zuberoako maskaradetako pertsonaia ikusgarriena da zamaltzaina. Dantzari trebe batek gorpuzten du. Maskaradako beltzeriaren parean, ordena eta araua irudikatzen duen gorrien taldeko pertsonaiarik anbiguoena ere bada. Erdi-gizaki erdi-zaldi, jantzi apainez beztitua, koha buruan, zurezko egitura mugikor bat darama bizkarretik heldua, gerri partetik behera zaldia irudikatuz. Zaldi buruari eutsiz dantzarazten du zamaltzainak zaldia bera.

Maskarada bera ikaragarri kodetutako errituala da, dantza eta antzerkia tartekatzen dituena, elementu sinbolikoz betea. Aitzindarien artekoa da zamaltzaina, txerreroa, gatuzaina, kantiniersa eta entseinariarekin batera. Eurek ematen dituzte jauzi ikusgarrienak. Arratsaldeko emankizuneko bi ofizio, zamaltzainaren inguruan ardazten dira: kerestuek zikiratu ondorenean, marexalek zamaltzaina ferratzen dute, Lantzeko ihauterietako zaldiko bezala. Hartz dantzarekin gertatzen den moduan, gizakiak natura mendean hartu nahi izana irudikatzen da hala.

Zenbaitetan, zamaltzain beltza karrikaratu izan du beltzeriak, maskarada eramaile den herriak duen dantzari trebe kopuruaren erakusle. Barrikaden aurrean zein plazan, guztietan dantzatzen du. Zamaltzainak herriko dantzarien trebezia neurtu eta irudikatu ohi du, bai Zuberoan bertan, bai eta maskaradetako dantzak interpretatzen dituzten dantza taldeen artean ere. Zamaltzaina godalet dantzan ikustea gogoangarria da.

Europako beste herrialdeetan badira ere zamaltzainaren itxurako pertsonaiak, ez beti ihauteri ospakizunei lotuak (Kataluniako Oloteko els cavallets, Ingalaterrako morris dantzetako hobby-horse askotarikoak). Greziar mitologian ezaguna zen zentauroaren pertsonaia. Euskal Herrian bertan, Lantzeko zaldikoaz gain, badira jai testuinguruan antzeko beste pertsonaia batzuk ere, Iruñeko zein Lizarrako erraldoiekin batera irteten diren zaldikoak, esaterako.

Ederra da zamaltzaina mugimenduan ikustea. Zamaltzaina, hori bai, ez da bakarrik agertzen plazara. Maskaradako pertsonaia guztiak ez dira urtero plazan aritzen, ez eta beti kopuru beretan ere. Horrek egiten du urtez urte maskaraden xarma. Zamaltzainik gabeko maskaradarik, baina, ez da ezagutu egundaino.