Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Galdera periferikoak Virginia Woolfen gelatik

Etxebizitzaren gaian, ez gaude behar genukeen lekuan: herritar guztiek etxebizitzarako eskubidea bermatuta izateak abiapuntua izan beharko luke, eta nolako etxebizitzak, hiriak eta bizimoduak nahi ditugun sakonki pentsatu ahal izateko sosegua beharko genuke izan. Tamalez, bere garaian putre funtsei jarritako alfonbra gorriak -hala adierazi zuen Javier Gil Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileak EH Bilduk bere bide-orriaren berri emateko egin zuen aurkezpenean- eta espekulazioari aurre egiteko orduan gailendu den koldarkeria politikoak, desberdinkeriak betikotzen tradizio luzea duen herentzien sistemarekin batera, ekarri gaituzte leku honetara, non etxebizitzarako eskubide unibertsala irreala, iritsezina, begitantzen zaigun.

Herritarren oinarrizko eskubideak daude jokoan, eta, beraz, etxebizitza larrialdiari urgentziazko neurriekin erantzutea beharrezkoa deritzot. Baina larrialdiek larri jokatzera garamatzate sarri, eta nago gaurko soluzio petatxatuek eta azkarrek etorkizuneko korapiloak sor ditzaketela. Horregatik iruditzen zaizkit horren interesgarriak gai honen bueltan azkenaldian EH Bilduk pausatu dituen hausnarketak eta eztabaidak, magia saldu gabe, iritsezin dirudien horri begira jarri delako: «Lortu behar dugu etxebizitza eskubide bat izan dadin, eta ez espekulazioaren babesgune bat», Nerea Kortajarenaren hitzetan. Premisa hori gabe, dena litzateke adabaki.

Etxebizitzarako eskubide unibertsala destatu duen begirada zuzen horrek trazatu behar ditu lehentasunak, baina, begirada periferikoak beti lagungarri direnez, orobat interesgarriak iruditu zitzaizkidan Sebastià Jornet arkitekto eta hirigileak Imanol Intziarte kazetariari esandakoak. Garrantzitsua da kalkulatzea zenbat etxebizitza publiko eta babestu behar dituen, adibidez, hiri batek, bertako biztanle guztien eskubidea bermatzeko, baina hori bezain inportantea -eta ziur aski, horrekin bateragarria- iruditzen zait Jornetek aipatutako “birziklatzearen” ideia. Hau da, hirien (herrien, auzoen…) mugak zabaldu gabe, jadanik artifizializatuta dauden lurzoruetan eraikitzea, ekologismoaren eta biztanleen ongizatearen izenean, horrek guztiak ere zerikusia baitauka eskubide kolektiboekin. Etxebizitza hutsak parke publikora gehitzeko formulak aurkitzea aurrerapen handia litzateke, espekulazioari nahiz lurraren artifizializazio gehigarriari zenbait ate itxiko bailieke. Funtsezkoa iruditzen zait, Jorneten esanekin jarraituz, etxebizitza berriak garraio publikoa iristen den (edo iritsiko den) lekuetan planteatzea, edo etxebizitza handiak bitan ala hirutan zatitzeko baimenak ematea, betiere horrek ez badakar gehiegizko biztanle-dentsitatea.

Etxebizitza politikarekin larri jokatzera behartuta bagaude ere, beste galdera batzuek ere lekua merezi dutela esango nuke: zer etxebizitza mota eskainiko dizkiete familia eredu tradizionala gainditzen duten eta bikotearentzako gela handi bat eta seme-alabentzako txikiago bana formulak balio ez dieten bizikidetza unitateei? Nola lor dezakegu etxebizitzek ekarpena egin diezaieten auzo bateko bizitza komunitarioari eta zaintza sareari? Non eta nola eraiki edo birgaitu behar dira etxebizitzak, ez daitezen izan segregazioen haztegi? Nola lagun diezaioke etxebizitza plangintzak euskararen erabilerari? “Zebra-etxeek” okupatutako herri inpertsonalak nahi ditugu, ala garrantzia emango diegu tokian tokiko estetikari eta diseinuei? Gela bat norberarena bagenu, errazagoa litzaiguke korapilo horiek guztiak askatzea. •