Kazetaritza zintzoa
Aurretik doa kazetaritza maite dudala, eta dagoen lanbide politena dela gehiegitxo esatea dela pentsatuko duzuenez, ez naiz ausartzen halakorik baieztatzen. Fake news-ak, gezurrak eta oinarri gabeko zurrumurruak errazegi hedatzen diren honetan, ordea, aldarrikatu nahi dut ofizioa. Unibertsitateko oholtzatik saiatzen naiz hori bera transmititzen ikasleei, baita komunikatzaile moduan zintzotasunarekin duten erantzukizuna ere.
Edozein bide edo euskarri aukeratuta ere (podcastak, sare sozialak, betiko hedabideak…), mundua kontatu eta interpretatzeko ardura izango dutela-eta, begirada feminista, antiarrazista, ez-gaitzailetik edo lodifobia, homofobia eta transfobia bezalako gorroto diskurtsoetatik aske izatera gonbidatzen ditut, baita Euskal Herritik eta euskaratik mundura so egitera ere.
Horregatik, GAUR8 astekariaren hainbat artikulu erabili ohi ditut ikasgelan; gogoeta eragiteko batzuetan, edo, besterik gabe, irratiko idazketa praktiketan. Gizarte alorrekoak aukeratzen ditut normalean; kazetaritza gizartea aldatzeko tresna ere badela sinesten dudalako, bereziki mainstream diren hedabideetan lekurik ez duten protagonistei eta gaiei ahotsa ematen zaienean.
Beraz, zer hobe etorkizuneko kontalariak izango direnei, “fatxosfera”-tik elikatzen den zarataren gainetik, kazetaritza zintzoa egiten dutenen eredua irakastea baino. Bide horretan, beste mila zenbaki eta gehiago opa dizkizuet. Zorionak! •

«Gure finantza sistemak ekonomia kriminaletan oinarrituta daude»

Zer da filosofia eta zertarako balio du?

Zientziarako altxor bat iratze artean

GAUR8tik alfonbra gorrira

