Zenbat da mila aste?
Zenbat da mila aste? Batzuetan denborak ez du inporta. Umetan «zenbat lo falta dira Olentzero etortzeko?» galdetzen duzunean bezala. Zain egotearen zirrarak aztoratzen zaitu, Olentzero etorri bezala joan egiten delako.
Guretzat, mila zenbaki, ia hogei urte, denborarik gabeko espazio zoragarria izan da. Astero berritzen den arnasa. Jaso dugun ekarpen bakoitza, egin dugun elkarrizketa bakoitza, landu dugun gai bakoitza, entzun dugun testigantza bakoitza haize freskoa izan da. Goizetan leihoa zabaldu eta kanpoko freskura gorputzean sentitzea.
Baina norbaitek zenbaki biribilak asmatu zituen aspaldi, tarteka zerbait ospatzea osasungarria delako. Eta GAUR8k 1.000. zenbakia ospatzea erabaki du.
Ariketa sakona izan da. Komunikabide baten taupada mantentzea jarduera exijentea da, batez ere askotan, nahi izanda ere, ezin duzulako gelditu. Umetan bagenituen plastikozko pipa batzuk, putz eginez pilotatxo bat airean mantendu behar zen, pilota hegan. Eta putz ere neurrian egin behar zen, ez gehiegi ez gutxiegi. Arreta handia eskatzen zuen jolasa zen. Komunikabide bat martxan mantentzea antzeko ariketa da. Ardura eta arreta beti piztuta.
Ospatzea pixka batean geratzea izan da. Pilota poltsikoan jasotzea eta egindako bideari begiratzea. Eta konturatu gara pilota airean mantendu dutenak, zalantzarik gabe, mila zenbakitan gurean agertu direnak izan direla. Astero mundua beren leihoetatik erakutsi digutenak; irakasleak, fisioterapeutak, psikologoak, sexologoak, hezitzaileak, marrazkilariak, informatikariak, antzerkigileak, zientzialariak, idazleak, bertsolariak, krisi ekosozialean adituak, analista politikoak, militante feministak, medikuak...
Ariketa kolektiboa izan da. Batzuetan batzuek egin dute putz, eta beste batzuetan, beste batzuek. Erreleboka. Eta gauzak egiten dituen jendeak ere mantendu du pilota airean. Beren auzoa hobetu nahi eta astero biribilean elkartzen direnak; beren herria hobetu eta bilera amaigabeetan korapilatzen direnak; zeloa hortzekin ebakitzen duten eta paretetan deialdiak jartzen dituzten militanteak. Beti dago zeren alde eta zeren kontra egin. Horiek dira Euskal Herria hobea egingo duten eragileak eta GAUR8 horiek entzuten saiatu da mila aste hauetan.
Edertasuna ere motor garrantzitsua da. Gure hemeroteka zorroztasunez eta eder idatzitako testuen bilduma zoragarria da. Euskararen zelofanetan bildutako perlak.
Mesede egin digu geratzeak. Bidea errepasatzeak arnasa emango digu putz egiten jarraitzeko. Badugu grina leihoak zabaltzen jarraitzeko. Bidaide izan zaretenak gabe, ezinezkoa zen bidea. •

«Gure finantza sistemak ekonomia kriminaletan oinarrituta daude»

Zer da filosofia eta zertarako balio du?

Zientziarako altxor bat iratze artean

GAUR8tik alfonbra gorrira

